Sabino Cuadra Kongresurako Nafarroako hautagaiak gaur arratsaldean Basaurin egindako ekitaldi politikoan adierazi du azken hamarkadetan Euskal Herriak bizi izan duen historia “inposizioen historia” izan dela. “Nahi duguna oso sinplea da. Gure herrian erabakitzen dena onartzea da nahi duguna, ez gehiago eta ez gutxiago. Gure gehiengo politiko, sozial eta instituzionalen gainetik inork ezer ez inposatzea da nahi duguna”.

“Eusklal Herriak ez zuen onartu Konstituzioa, inposatu egin ziguten”, nabarmendu du Cuadrak. “EAEko estatutua gure eskubideak ukatzen dituen soinekoaren neurria egokitu behar izan zen. Nafarroan, gainera, Amejoramendua ezkutuan negoziatu zen, eta bere onarpenerako aukerarik ere ez zuten izan herritarrek. Trantsizioa delako iruzurra eta inposizioa baino ez zen izan”.

Cuadrak gogoratu du legealdi honetan Nafarroako foru parlamentuak onartutako 15 lege (berrordainketa, fracking, etxegabetzeak, etorkinentzako osasun arreta...) atzera bota zituztela Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak. “Hori nahikoa ez, eta gure gehiengo politiko, sindikal eta sozialek onartzen ez dituzten murrizketak eta erreformak inposatu dizkigute: lan erreformak, LOMCE, pentsioen murrizketak, Mozal Legea, defizit mugak...”.

“Katalunian ikusten ari garen bezala, erregimen honekin ez dago aukera demokratikorik herrien askatasun eta burjabetza nahiek aurrera egiteko”, esan du Cuadrak. “Horretarako, ez da inguru bueltaka ibiltzeko unea, ez da txikira jokatzeko unea”.

Sabino Cuadrak Euskal Bidean aurrera egin beharra dagoela agertu du. “Askatasunean, burujabetzak eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Errepublikara eramango gaitu Euskal Bideak. Euskal Bideari eman behar zaio babesa hauteskunde hauetan, eta horretarako, burujabetzaren eta demokraziaren aldeko ahalik eta boto gehien eskuratu behar dira”.

Enbeita: “Erabakitzea dagokigu”

Onintza Enbeita Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, bere aldetik, adierazi du herri honi dagokiola egin nahi duen bidea erabakitzea. “Guri dagokigu zer izan nahi dugun eta nola bizi nahi dugun erabakitzea. Asko da jokoan dagoena. Jokoan dagoena da hondoratzen ari den Espainiako estatuaren atzetik jarraitzea edo ez”.

“Hemen erabaki nahi dugu. Burujabetza osoa aldarrikatzen dugu, herri honetako emakumeak eta gizonak hobeto bizi ahal izateko. Hemen erabaki nahi dugu guk geuk antolatzeko eta erabakitzeko gure eredu ekonomiko eta soziala. Hemen erabaki behar dugu eta hemen erabakiko dugu, Euskal Herrian, euskal herritarren etorkizuna irabazi ahal izateko”, azpimarratu du Enbeitak.