Abenduaren 20an, hautestontziak boto independentistez betetzerako deia egin du gaur EH Bilduk Donostian burututako ekitaldian. Koalizioak gogoratu du independentziaren aldeko bozka bakarra EH Bildurena dela, eta independentzia dela herri honen bizirautea eta euskal herritarren ongizatea hobe dezakeen aukera bakarra.

EH Bilduko 30 hautetsi eta hautagai inguru bildu dira Espainako Delegaritzako egoitzaren aurrean “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean Espainatik jasotzen diren erasoak salatzeko. Carlos Urquixok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, aktak euskaraz jasotzeagatik auzitegietara eraman zituen udaletako ordezkariak izan dira bertan.

Bergarako zinegotzi Agurne Barrusok gogoratu duenez, “azken urteetan 900 salaketa edo helegite baino gehiago sartu ditu Urkixok udalen aurka, euskararen inguruan hartutako edozein erabaki dela-eta. Izan aktak euskara hutsez egiteagatik, lan kontratazioetan hizkuntz eskakizunak zehazteagatik, euskararen erabileraren aldeko hizkuntz politikak lantzeagatik, UEMAn sartzeko erabakia hartzeagatik. Euskararen alde hartutako edozein erabakiren aurka egin du Espainako Estatuak”.

Ekitaldi honen bidez, Ehbilduko kidek injerentzia eta eraso horiek salatu nahi izan dituzte. Euskaraz bizitzeko egindako hautua eta euskaraz bizitzen jarraitzeko nahia berretsi dute. “Euskal Herri aske eta euskalduna lortzea dugu amets, eta euskararen erabilera bultzatzeko jardunean, izan kalean izan instituzioetan, tinko jarraituko dugu”, esan du Barrusok.

Igone Lamarain Kongresurako Gipuzkoako zerrendako hautagaiak esan duenez, “euskal herritarrok egunerokoan pairatu behar izaten dugu burujabetza faltaren ondorioak. Asko eta asko dira Madrildik datozen erasoak: euskararen kontrakoak, lan erreformak, LOMCE, banketxeen aldeko eta herritarren aurkako erreforma finantzieroak, eta oro har gurea ez den eta izatea nahi ez dugun eredu oso baten menpe egotearen kalteak “

Horregatik, Lamarainen hitzetan, “erabaki guztiak gure esku nahi ditugu, kanpo esku hartzerik gabe. Urkixo, Espainako Estatua, gainean izan gabe, Damoklesen ezpatarik gabe aritu nahi dugu. Horregatik, independentismoa bizirik eta gogotsu dagoela erakutsi behar dugu abenduaren 20ean”.