Manifestu hau sinatzen dugun erakundeak bere etorkizuna libreki eraiki nahi duten nazio eta herrietako parte gara.

1978ko Konstituzioak finkatutako lurralde eredu zein marko politikoak gure nazioen burujabetza ukatu du.

Marko juridiko-politiko - herrien borondateari zein Frankismoaren amaieran zeuden eraldaketarako nahiei muzin egin ziena- horren agortzea jazoera ukaezina da egun. Honek haustura demokratikorako hartzen dugun konpromisoan berresten gaitu.

Benetako demokrazia herriek eta herritarrek justizian eta berdintasunean oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko askatasuna izango duten hura dela ulertzen dugu. Horretarako, ezinbestean, eredu neoliberala gainditu beharra dago.

Eskubide sozialen eta oinarrizko askatasunen urratze politikak batetik, nazio eta herriek modu askean antolatzeko duten eskubidea onartzeko gai ez den Estatuaren jarrera autoritarioak bestetik, Estatu horrekin inolako pakturik egitea ezinezko bihurtzen dute eta era berean, balizko erreformei sinesgarritasun osoa kentzen die.

Horregatik, eta gure nazioetan ditugun errealitate desberdinekiko errespetuz, modu demokratikoan etorkizuna erabakitzea herri eta herritarrei dagokiela aldarrikatzen dugu.

Gure herrientzat, herritarrek hala erabakitzen badute, prozesu eratzaileak garatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Eta argi eta garbi baieztatzen dugu prozesu horiek ez direla Estatu mailan eman daitekeen balizko prozesu eratzaile baten menpeko.

Izatez, Estatuaren ofentsiba berzentralizatzaileak eta alderdi zahar zein berri direlakoek egiten duten Espainiaren batasunaren defentsa irmoak, gure herrien eta nazioen ukazioan sakontzereko mehatxu dira.

Zentzu honetan, Estatu espainiarrak kataluinar herriaren erabakiak errespetatzeari uko egitea gainontzeko nazioen herri borondatearen adierazpen askearen aurkako eraso gisa ulertu dezakegu soilik.

Datorren abenduaren 20an herrien erabakitzeko eskubidea ukatzen duten alderdien artean egon daitekeen alternantziak aldaketa politiko erreal bat posible egingo duenik itxarotea ilusio huts bihurtzen du jarrera antidemokratiko sakon horrek.

Egoera honetan ezin dugu besoak gurutzaturik gelditu, pausu bat aurrera egin behar da ozen eta argi esateko herrien prozesu emantzipatzailerik gabe ez dela posible haustura demokratikorik.

Internazionalista garen heinean, Estatu espainiarrean urte luzez esperotako eraldaketa politikoa xede duten sektore aurrerakoiekin identifikatu eta duten aldaketa desira konpartitzen dugu.

Aldiz, nahi horri egin diezaiokegun ekarpenik onena agertoki eratzaile propioak lantzea eta nazio bakoitzean erabateko eraldaketa soziopolitikoa bultzatzea dela deritzogu, norabide horretan indar politiko subiranistok pausuz pausu lankidetza estrategia bat definitzearekin batera.

Herri borondatearen adierazpen askeari oztopoak jartzen saiatu arren, konbentzituta gaude herriek eta herritarrek dutela hitza. Horrela bada, ondorengo konpromisoa adierazten dugu:

  • Elkarrekin lan egitea 1978ko Konstituzioak ezarririko Estatu ereduarekiko haustura helburutzat hartuz; zentralismoaren aurka eta prozesu eratzaile berriak irekitzeko.
  • Herri prozesu eratzaileak, erradikalki sozialak eta demokratikoak martxan jartzea sustatzea gure nazioetan.
  • Herritarrek guztiaren inguruan erabaki eta erabaki horiek errespetatuak izan daitezen beharrezkoak diren baliabide eta mekanismoez hornitzeko helburuan elkarrekin lan egitea.
  • Elkar babestea oinarrizkoa den eskubide horren egikaritzea ekiditea bilatzen duten erasoen aurrean, eta orokorrean, gure nazio bakoitzak burujabetza osoa lortzeko bidean egindako aurrerapasuetan.
  • Herri guztiek, modu baketsu eta demokratikoan, mehatxu nahiz kanpo injerentziarik gabe, euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatzea.

2015eko abenduak 4

LPTLP Logoak