EH Bilduko Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako hautagaiak bildu ditu, gaur goizean, Bilboko plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuak Bilbon daukan egoitzaren aurrean. Hurrengo abenduaren 6an independentzia aldarrikatzeko deituta dagoen manifestaziorako deialdia egin dute hautagaiek mobilizazioa abiatuko den leku berean.

Onintza Enbeita Kongresurako Bizkaiko hautagaiak adierazi duenez, “igandean hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon. Inposatu diguten konstituzio arrotz horren egunean espainarren legeari eta inposaketari bizkarra ematera goazela esateko bilduko gara Bilboko kaleetan. Eta berdina esango dugu Madrilen. Espainia ez da gure herria, Konstituzioa ez da gure legea. Lege hori estatuaren inposizioaren eta ukazioaren adierazle nagusia besterik ez da”.



“Ez dugu onartzen ukatzen gaituen lege arrotz bat”, azpimarratu du. “Ez dugu ontzat hartzen gure erabakiak hartzeko ahalmena bortxatzen duen lege arrotza bat. Ez dugu nahi aitortzen eta errespetatzen ez gaituen estatu baten parte izan”. Enbeitak agertu du bizkarra eman ziola Konstituzioari euskal gizarteak 1978an. “Eta bizkarra emango diogu berriro, ez bakarrik igandean Bilboko kaleetan. Euskal gizarteari bere babesa eskatzen dio EH Bilduk abenduaren 20ko hauteskundeetan ordezkaritza indartsu bat lortzeko Kongresuan eta Senatuan, ozenki esateko bidean gaudela, gure erabakiak hartuko ditugula, gure etorkizuna eraikitzera goazela, hemen Euskal Herrian, inoren baimena eskatu gabe”.

Pablo Gorostiaga Kongresurako Arabako hautagaiak, bere aldetik, igandeko manifestaziora joateko deia egin die herritarrei. “Euskal Herriaren independentziarengatik bizitza osoa lanean, borrokan eta ametsetan eman dugunok ezin dugu huts egin igandean. Bilbon erakutsiko dugu milaka garela askatasunerako bidaia egin nahi dugun herritarrak”.

“Igandean independentista guztiak Bilbon bildu behar gara. Goazen indarrak biltzera! Goazen askatasuna irabaztera!”, amaitu du Gorostiagak.