Urbina: “Arabako aldaketa politiko eta sozialean beste urrats bat emateko unea da. Maroto bota genuen, orain arabarron erabakiak Madrilen defendatzeko unea da”

Iker Urbina Kongresurako Arabako hautagaiak adierazi du EH Bilduk erakutsi duela ezinbesteko indar politikoa dela Araban. Eragiteko gaitasuna daukagula erakutsi dugu, eta gai garela Arabak behar duen aldaketa politiko eta soziala bideratzeko. Hurrengo abenduaren 20an EH Bildu indartu behar dugu, Arabako aldaketa politiko eta sozialean beste urrats bat emateko. Maroto bota genuen bezala ustelei aurre egiteko botoa da EH Bildurena!”

Arabako herritarrak hauteskunde hauetan asko dutela jokoan esan du Urbinak. “Madrildik datorkigun panorama beltzaren aurrean, nork defendatuko gaitu guk geuk ez bada? Nork defendatuko du Garoñaren itxiera? Nork exijituko du Foronda biziberritzea? Araban bertan hartutako erabakien aurka egiteari amaiera jarri behar diogu”.

Urbinak, era berean, EH Bilduren lana eta eskuzabaltasuna azpimarratu ditu, “Maroto botako genuela esan genuen. Hitza bete dugu. Orain, Maroto noizean behin dator Gasteiza. Hori bai, urtarrilaren 20an bueltatu beharko da, San Antonioko kasuaren inguruan epailearen aurrean azalpenak ematera”. Horregatik, EH Bildurena “ustelkeriaren kontrako bozka” dela azpimarratu du.