Iñarrituk dio “ekonomia indartsu, sozial eta solidarioa ezinbetsekoa dela enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko”. Oskar Matute, EH Bilduko parlamentarioak salatu duenez, “Espainiako estatuak ez du alternatibarik eskaintzen eta gazteria exiliora zigortzen du”.

Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, “burujabetzak norberarengandik hasi behar du eta bizitzako alor guztietara hedatu behar dugu; alor politikora, ekonomikora eta sozialera”.

Bere ustez, “burujabetza sozialetik soilik iritsiko da aldaketa soziala”. Ildo horretan, feminismoak prozesu subiranista guztietan duen garrantzia duen nabarmendu du Onintza Enbeitak. “Baita Euskal Herrian ere, izan ere, gizon eta emakumeen arteko berdintasunik gabe ez delako benetako justizia sozialik izango”.

Ekonomia indartsu, soziala eta solidarioa

Jon Iñarrituk esan du “ekonomiaren egoera eta enplegua direla Euskal Herriak une honetan dituen arazorik larrienetakoak”. “Irtenbideez hitz egiten dugunean, harrigarria bada ere, burujabetzaz ez hitz egiteko esaten digute batzuek eta gauza garrantzitsuetara mugatzeko eskatzen digute. Ba hain zuzen, gai honetan burujabetza oinarrizko elementu bat da”, esan du Kongresurako Bizkaiko bigarren hautagaiak. Bere hitzetan, “inoiz baino gehiago, burujabetza gehiago behar dugu gure herriak ekonomia indartsu, sozial eta kalitatezkoa izan dezan”.

Gazteria errebeldea

Oskar Matutek bere aldetik, “dena aldatzeko guztiaz erabakitzeko unea dela” esan du. “Espainiako estatuak prekarietatera zigortzen ditu gazteak, patronalek alpertzat jotzen dituzte gazteak eta hezkuntza ministroak dio soberan daudela unibertsitarioak”, salatu du EH bIlduko parlamentarioak. Bere ustez, ordea, ez da berria hori guztia, izan ere, “aberatsen seme-alabak unibertsitatera eta langileenak beste horiei zerbitzatzen egotea” baten batzuen nahia izan da betidanik. “Eskaintzen duten alternatiba exilioa da gazteak menpean eta isilik izan nahi dituztelako”, esan du.