Nafarroaren eta Euskeraren egunean bete betean hasi da abenduaren 20rako hauteskunde kanpaina, “Nafarroa, nafarron ahotsa, nafarron erabakiaren errespetua ahoz aho izanen dituen kanpaina” adierazi du Sabino Cuadrak, Nafarroako Erresumaren omenez egindako ekitaldian.

Labriteko ekitaldiaren berotasunarekin ekin dio Nafarroako EH Bilduk kanpainari “dena nahi dugu erabaki, hemen hobeto bizi nahi dugulako. Ez soilik gure estatus politikoa, noski... baita geure egunerokoan Madrildik inposatu nahi dizkiguten politikak ere erabaki nahi ditugu. Hemen erabaki nahi dugun zein den gure zerga politika, geure hezkuntza sistema edo ta lan arloko neurriak; ez dugu nahi Madrilek inposatzea beren LOMCE, Mozal Legea edo ta Madrilek emakumeen gorputzen gainean agintzea. Hemen erabaki nahi dugu, hemen gure artean hobeto bizi gaitezen” azpimarratu du Sabino Cuadrak, “horixe izanen da hauteskunde hauetan EH Bilduk herritar guztiei eskeini nahi diena... erabakia. Erabaki askea, librea, mehatxu eta injerentziarik gabekoa. Ezin ditugu gehiago onartu azken legegintzaldian gertatutakoak, Madrilek hemen bertan onartutako 15 lege atzera bota dituela, edo atzo bertan epaitegi konstituzionalak, Kataluniako parlamentuaren gehiengoak adostutako bidea eten nahi izatea”.

Ekitaldi ofizialean parte hartzeaz gain, urtero moduan Nabarraldek antolatzen duen kalejira festiboan ere izan dira EH Bilduko kideak, Nafarroako herri borondatea aldarrikatuz, kanpaina hasteko jai egun berezian.