EH Bilduk euskara indarberritzeko eta bultzatzeko manifestua plazaratu du.

EH Bilduk Euskararen egunaren harira manifestua plazaratu du gaur Iruñean, euskara indarberritu eta bultzateko beharra agerian utziaz. Agerraldian, Xabier Isasi, EH Bilduko legelbiltzarkidea eta Bakartxo Ruiz hautagaiak parte hartu dute. Ruiz eta Isasisik ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna dela abenduaren 3a azpimarratu dute. “Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako azken hamarkadetan euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera”, esan dute eta, segidan, honakoa gehitu dute: “Baina ospakizun hauek guztiek neurriz egin behar dira, izan ere, jakitun gara, euskara bizirik egon arren, osasun onetik urrun dagoela. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan du euskara eta normalizaziotik urrun dago”.

Estatus legalari dagokionez, EAEko Euskararen legeak 33 urte eta Nafarroakoak 29 betetzen duten honetan, euskal herritarren hizkuntza eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute. Nafarren eskubideek hiru eremutan zonifikatuta jarraitzen dute, eta Ipar Euskal Herrian euskarak oraindik ere ez dauka inongo aitortza ofizialik. Euskal Herriko lurralde guztiak hartuta ere, agerikoa da oraindik orain hizkuntza politika eraginkorrak abian jartzeko eta beharko liratekeen baliabideak lortzeko bidea egin behar dela.

Zentzu berean, Ruizek eta Isasik azpimarratu dute euskara herritar “guztion ondarea” dela. “Gure kultura eta nortasunaren funtsezko osagarria da, euskaldun egiten gaituena, alegia. Euskararen osasuna hobetzeko, berreskuratzeko eta erabilera sustatzeko, herritarrok eta erakundeok elkarrekin lan egin behar dugu”, aldarrikatu dute.

Halere, “euskaraz jakitea ez dela nahikoa” ere aipatu dute EH Bilduko kideek: “Gure hizkuntza bizi dadin, erabili behar dugu”. “Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz, maila ertaina dutenek ere beldurrik gabe erabiliz, hobetzea lortuko dute, eta ez dakitenak, euskarara hurbiltzeko seduzitu behar ditugu, ikasi eta jakiteak duen balio erantsiaz jakitun egin behar ditugu, euskaraz bizitzeko nahiaz kutsatuz. Euskaldunak eta hiztunak behar baititugu”, baieztatu dute.

Modu berean, adierazi dute erakunde publikoek, euskaldun berriak eta hiztun aktiboak lortu ahal izateko, baliabideak eta tresna egokiak jarri behar dituztela. “Hizkuntza politika berritzailea bultzatu behar dugu, burujabea eta inongo mendekotasunik gabekoa, galbidean dagoen hizkuntza gutxitua izatetik hizkuntza normalizatura iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute.

Horregatik konprometitzen gara gauden gobernu erakunde ezberdinetan, udaletan, Gasteizko legebiltzarrean eta Nafarroako parlamentuan hizkuntz eskubideak babesteko neurriak hartzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko.