Kongresurako Bizkaiako hautagaiak burujabetzaren alor ezberdinak sustatzearen garrantzia nabarmendu du gaur Trapagaranen. “Alor politikoan, ekonomikoan eta batez ere, alor sozialean garatu behar dugu burujabetza. Behetik gora”, esan du.

Ildo horretan, ezkerreko ikuspuntutik herritarren ahalduntzea gure herria eraikitzeko ezinbestekoa dela adierazi du Onintza Enbeitak. Eta hori, “Euskal Herrian egitea posible dela” uste du ia lau urtez Amaiurreko diputatua izan denak. “Ez ordea Espainiako estatuan, besteak beste, zenbakiek ez dutelako horretarako aukerarik ematen. Ez lehen, ez orain eta ez dut uste etorkizunean ere”, esan du.

Feminismoak Euskal Herriari egiten dion ekarpena

Irantzu Varela Senaturako hautagaiak, burujabetza prozesuan feminismoak duen garrantzia nabarmendu du. “Emakumeok hitza berreskuratu behar dugu herri honek bere osotasunean erabaki dezan”, esan du.

Varelak gogor kritikatu du Espainiako estatuaren egituraketa. Bere esanetan “elite ekonomiko eta politiko batzuek diseinaturiko estatua da Espainiakoa. Are gehiago, gizonezkoek soilik diseinaturiko proiektua zapaltzailea da”, esan du.

Bere hitzetan, “zazpi aita eta ama bat ere ez izateak dena dio Espainiako konstituzioaz”.

Horregatik guztiagatik, Onintza Enbeitak eta Irantzu Varelak “1978ko kateak haustea ezinbestekoa” dela uste dute “herri burujabea izan nahi badugu”.

Trapagaranen eskaini duten hitzaldiari bukaera eman aurretik, abenduaren 6an Espainiako konstituzioaren aurka Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei.