Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak abenduaren 6an Bilbon egingo den manifestazioan eta abenduaren 20ko hauteskundeetan indarrak biltzeko deia egin die "askatasunean eta demokrazian oinarritutako Euskal Herri askea nahi duten herritar guztiei".

Arraizek, Marian Beitialarrangoitia Kongresurako EH Bilduko hautagaiak eta EH Bilduko beste hainbat kidek abenduaren 6an independentzia aldarrikatzeko Bilboko kaleetan egingo den manifestaziora deitzeko ekimen herritarrean parte hartu dute, Tolosan. Euskal Herriko beste hamarnaka herri eta auzotan antzeko ekitaldiak egingo dira hurrengo egunetan. Etxetik eramandako zapatekin ekimena egin dute Tolosan.

"Gure herriak bere bidea egin nahi duela erakusten sri gara Tolosan eta beste leku askotan. Hemen dauden zapaten bezalako eta urrats beharko ditugu Gure bidea egiteko, Euskal Bidea egiteko", esan du Arraizek.

Espainiako estatutik "inposizioa eta mehatxua" baino ez direla etortzen azpimarratu du, eta azken egunotan Katalunia eta Euskal Herria Espainiako estatutik jasotzen ari den tratua jarri du adibide bezala. "Kataluniaren eta Euskal Herriaren eskubideak zapaltzeko ituna egiten ari dira Espainiako estatuan PP, PSOE eta Ciudadanos. Mehatxu eta eskubide zapalketa horri erantzuteko unea iritsi da. Erabakiak hartzeko unea iritsi da. Indarrak biltzeko unea da. Horretarako aukera izango dugu abenduaren 6ko Bilboko manifestazioan eta abenduaren 20ko hauteskundeetan", adierazi du Arraizek.