Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Euskal Herri independientea defendatu du “horrek soilik bermatuko baitigu gure etorkizun politiko, ekonomiko eta sozialaren jabe izatea”.

Onintza Enbeitaren arabera burujabetzaranzko bidea euskal herritarrok bakarrik egin dezakegu. “Inork ez du gure ordez egingo eta inork ez digu ezer emango”, esan du.

Ildo horretan, EH Bilduren hautagaiaren ustez “ezer gutxi espero dezakegu Espainiako estatuarengandik, besteak beste, zenbakiek ez dutelako aukerarik ematen”. Bere esanetan, “benetako aldaketa Euskal Herrian soilik emango da, Kataluniak argi erakutsi duen bezala”.

Bilbo Handia

Kongresurako Bizkaiko bosgarren hautagaiak, Arkaitz Fullaondok, burujabetzaranzko bidean Bilbo Handiak duen garrantzia nabarmendu du.

Bere esanetan, “erabakitze eskubidearen bataila Bilbo Handian jokatuko da”. Horregatik, “prest” egotera deitu ditu herritarrak, etorkizunean gizartearen gehiengo zabal batek erabakitze eskubidearen alde egin dezan.

Bere ustez, hauteskunde hauek “klabe ideologikoan” aztertu behar dira. “Mezu independentista indartzeko baliatu behar ditugu hauteskundeak”, esan du.
Onintza Enbeita eta Arkaitz Fullaondo Erromon izan dira EH BIlduk antolaturiko ekitaldi politikoan.