EH Bildu Arabak agerraldia egin du, gaur goizean, Gasteizen, Arabako Kongresurako eta Senaturako bere hautagaiak aurkezteko. Zerrendaburu diren Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacallek hartu dute hitza. “Izaera anitza, adin, ibilbide eta eskualde ezberdinetatik datozen hautagaiekin osatutako zerrendak. Langileria, herri mugimendua edota gazteriaren ordezkariak, alegia. Araba anitza, Araba berria ordezkatzen duen zerrenda osatzea lortu dugulako”, azpimarratu dute biek.

Urbinak esan duenez, “herri honen etorkizuna justizia sozialean, askatasunean eta irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela sinesten duen eta ahots hori Madrilen ozen entzunaraziko duen gizonen eta emakumeen taldea” da gaur Gasteizen jendaurrean azaldu dena. “Talde zabal eta anitz hau izango delako, eta ez beste inor, Euskal Herriak askatasunerako bide propioa egingo duela Madrilen argi eta ozen esango duena”, gaineratu du.

Gasteiztar abokatuak azaldu duen bezala “hain dago ahul Espainiako estatua, bere sorrera biziatuan parte hartu zutenek ere aldaketak aldarrikatzen dituztela. Baina aldaketa kosmetikoak dira. Ez doaz arazoaren muinera. Espainiako estatuko indar politikoetatik ez da etorriko, ez orain eta ez gero, kutsatutako eredu politiko eta sozial honen hausturarik”, nabarmendu du. Ildo beretik, Foronda, Garoña edota Arabar Errioxako sor marka izan ditu hizpide, “Zeinek defenditu behar du Araba? Zeinek defenditu Arabaren aurka hartzen diren erabakietatik” galdetu du, “Araba hitzekin defendatu eta Madrilen saltzen dutenek? Arabaren kontrako neurriak hartu eta sostengatzen dituzten horiek? Elektriketan kideak sartu bai baina arabarron interesak defenditzen ez dituzten horiek?”, gaineratu du

Horregatik, EH Bildu Arabak Madrilen ordezkaritza indartsua izatearen beharra azpimarratu du. “EH Bildu indartsua da erabakiak Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat hartuko direnaren bermea. EH Bildu da herritarrek hartutako erabakien bidez beren bizi eta lan kalitatea hobetu dela bermatzen duen indar politiko bakarra. Inoiz baino garrantzitsuagoa da EH Bildu indartsua izatea, euskal herritarrak beren etorkizun politiko eta sozialaren jabe izan daitezen”.

Lorena Lopez de Lacallek, bere aldetik, adierazi du erabakiak hartzeko unea dela. “Arabari erabakiak hartzeko unea iritsi zaio. Herri eta gizarte gisa nahi eta merezi dugun etorkizuna erabakitzeko unea iritsi da. Garoñarik gabeko Araba eraikitzeko unea, Fracking-ik gabekoa. Horretarako, herri honek bere erabaki propioak hartu ahal izateko biltzeko unea iritsi da. Egun bizi dugun egoera honek gure behar eta desioak betetzen, hasetzen ez dituelako”.