Arraiz: “Inoiz baino garrantzitsuagoa da EH Bildu indartsua izatea, euskal herritarrak beren etorkizun politiko eta sozialaren jabe izan daitezen”. Cuadra: “Nafarroan izan den aldaketa Madrilen islatzea nahi dugu orain”.



EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Iruñean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako bere hautagaiak aurkezteko. Hautagaiez gainera, agerraldian izan dira EH Bilduko ordezkari politikoak, besteak beste, Hasier Arraiz, Pello Urizar, Rebeka Ubera eta Oskar Matute.

Arraizek esan duenez, “herri honen etorkizuna justizia sozialean, askatasunean eta irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela sinesten duen eta ahots hori Madrilen ozen entzunaraziko duen gizonen eta emakumeen taldea” da gaur Iruñean jendaurrean azaldu dena. “Talde zabal eta anitz hau izango delako, eta ez beste inor, Euskal Herriak askatasunerako bide propioa egingo duela Madrilen argi eta ozen esango duena”, gaineratu du.

“Frankismoaren ondoren gaixorik eta kutsaturik” jaio zen sistema politiko eta instituzionala “fase terminalean” dagoela nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak. “Hain dago ahul Espainiako estatua, bere sorrera biziatuan parte hartu zutenek ere aldaketak aldarrikatzen dituztela. Baina aldaketa kosmetikoak dira. Ez doaz arazoaren muinera. Espainiako estatuko indar politikoetatik ez da etorriko, ez orain eta ez gero, kutsatutako eredu politiko eta sozial honen hausturarik. Herrien eta herritarren erabakitzeko eskubidea inoiz aitortuko ez duten indar politikoen eskutik ez da inoiz etorriko inposizioan eta ukazioan oinarritzen den eredu honen hausturarik”.

Horregatik, EH Bilduk Madrilen ordezkaritza indartsua izatearen beharra azpimarratu du. “EH Bildu indartsua da erabakiak Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat hartuko direnaren bermea. EH Bildu da herritarrek hartutako erabakien bidez beren bizi eta lan kalitatea hobetu dela bermatzen duen indar politiko bakarra. Inoiz baino garrantzitsuagoa da EH Bildu indartsua izatea, euskal herritarrak beren etorkizun politiko eta sozialaren jabe izan daitezen”.

Sabino Cuadrak, bere aldetik, adierazi du ezinezkoa dela Espainiako estatuan aurrerapen sozialik ematea, “bere izaera erabat antidemokratikoa delako eta egunero herri honetako gizon eta emakumeen eskubideak eta zerbitzuak murrizten dituelako”. “Madrilen eman ditudan lau urteotan zerbait egiaztatu badut”, jarraitu du, “hori da Espainiako estatuak ez dituela inoiz onartuko bere barnean biltzen dituen herriak ez eta duten erabakitzeko eskubidea”.



Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak esan du herriei Espainiako estatuak ematen dien erantzuna “inposizioa, ukazioa eta mehatxua” dela. “Kataluniako herriak modu askean hartu duen erabakiaren aurka Espainiako intolerantziak abian jarri dituen bitarteko judizialak eta mediatiko horiek dira, hain zuzen, Nafarroako Parlamentuak azken lau urteotan gehiengoz onartutako 15 legeren aurkako errekurtsoak aurkeztu dituztenak. Intolerantzia hori da Nafarroako gizarteak aldaketaren alde emandako botoaren izaera aldatu nahi dutenak. Orain, aldaketa hori Madrilen islatzea nahi dugu”.

Cuadrak azpimarratu duenez, EH Bilduk Madrilen ordezkaritza zabala izatea ez dute atsegin Espainiako estatuko sistema politiko, sozial eta finantzieroa diseinatu eta elikatzen duten eliteek. “EH Bilduk ukatzen duten guztia adierazten duelako. EH Bildu da demokrazia, askatasuna, eskubideen errespetua, bakea, elkarbizitza demokratikoa; EH Bilduk euskal herritarren askatasunerako desioak eta ametsak ordezkatzen ditu”, amaitu du.

Hona hemen zerrendak osorik.