Arabako eskualdeen artean oreka helburu duen zerrenda dela nabarmendu dute Urbina eta Lopez de Lacallek zerrendaburuek. “Gaztetasuna eta aniztasuna duten zerrendak osatzea lortu dugu eta Araban dugun oinarri egonkorrari esker emaitzak onak izango direla dakigu”, azaldu du Urbinak. Lopez de Lacalle eta Urbinak gogor kritikatu dute CSN-ek atzo arratsaldean Garoñaren inguruan hartutako ebazpena.

Kongresu eta Senatura aurkeztuko dituen zerrendak erregistratu ditu gaur goizean Arabako EH Bilduk. “Izaera anitza, adin, ibilbide eta eskualde ezberdinetatik datozen hautagaiekin”, Iker Urbina zerrendaburuak azaldu duen moduan. Zerrendakideen artean, ibilbide historiko “zabal eta emankorra duten hautagaiak daude”, Pablo Gorostiaga, Laudioko alkate ohia, kasu, baina gazteria, eta herri mugimendua ongi ordezkatzen duten beste hautagaiekin “Bergoi Mardenaz edota Izar Mendiguren” adibidez. Baina ez hori bakarrik, hautagaiek Arabarenak diren borrokak ordezkatzen dituztela azpimarratu nahi izan du abokatu gasteiztarrak, “Esti Besak, adibidez, nekazaritza ekologikoa eta Arabar Errioxan dagoen sor marka propioaren aldeko borroka ordezkatzen dituelako”. Oso pozik agertu dira horregatik Lorena Lopez de Lacalle eta Iker Urbina komunikabideen aurrean, oso pozik ere “eskualdeen arteko oreka” bermatzen dutelako gaur aurkeztutako zerrendek.

Horrela Arabako hautagaiek zerrendakideak aukeratzeko prozesuan egindako asanblada irekietan 350 arabar baino gehiagok parte hartu dutela nabarmendu nahi izan dute “350 arabar baino gehiagoren parte hartzea, 44 asanblada irekietan ospatzekoa da, gardentasuna eta barne demokrazia prozesu honen oinarri izan direlako”.

Garoña itxi

Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacalle hautagaiek ozen salatu nahi izan dute ere Garoñaren inguruan atzo arratsaldean ezagututako albistea. “Alfonso Alonso ministroa eta Javier Marotoren eskutik arabar guztion segurtasunaren aurkako mehatxua da”. Gogoratu duenez, “Garoña berriz zabaltzean, Maroto eta Alonsoren alderdiak Burgosen hartutako hitza betetzen du. Zehazki, aurreko kanpainan, Garoña berriz zabalduko zutela esan zutelako”. “Zer dio Alfonso Alonsok honen inguruan? Hau al da berak aipatutako irizpide teknikoa?” gaineratu du.

“Diru beltzaren alderdiak, Barcenas eta Ratoren Alderdi Popularrak, lagunen alde, enpresa handi eta boteretsuen alde egin du, berriz ere. Elektriken alde egin du. Administrazio Kontseiluetan euren kide izandakoak hartzen dituzten enpresen interesen alde, alegia”. Erabakia Alonso ministroaren alderdiari egotzi dio zuzenean, “Alderdi Popularraren erabaki politikoa da baina erabaki honek, euskal gizartea erantzun irmoa behar du izan aurrean. Arabar peto petoak direla esan baina arabarrak saldu nahi dituzte, beste behin. Hauxe Alfonso Alonso eta Javier Marotoren ondarea Araban. Eredu energetiko desegokia da baina, bereziki, arabarron osasunarentzako mehatxua. Non dago arabarron interesen defentsa? Non gure erabakiekiko errespetua?”

Urbinak amaitzeko“Arabarrok Madrilen erabaki inposatuen aurrean elkartu eta ezezko borobila emateko unea dela azpimarratu du, lankidetzaren unea, alegia” adierazi du.