Kongresurako eta Senaturako EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuek adierazi dute “datorren legealdirako koalizioaren zutabe nagusia euskal herritarren erabakitze eskubidearen defentsa izango dela”.

Onintza Enbeita eta Irantzu Varelaren esanetan “Kataluniako auziak agerian utzi du berriz ere Espainiako gobenruak ez duela irtenbide demokratikorik nahi, ez herrientzat ez eta pertsonentzat”. Horren harira adierazi dute ere bai “Euskal Herrian baldintza egokiak daudela gure burujabetza egikaritzeko prozesua abian jartzeko”.

Onintza Enbeitaren berbetan, “partida Euskal Herrian jokatu arren, arbitroak Madrilen daude, horregatik behin eta berriz exijituko diegu gure herriak erabakitzen duena errespetatzea beste aukerarik ez dutela”.

Konpromisoz beteak

Varelak eta Enbeitak esan dute “EH Bilduk ez daramala ohiko programarik, konpromisoak baizik”. Ildo horretan, biek ala biek nabarmendu dute “beraien konpromisoa herritar guztien eskubide guztien defentsa egitea dela, emakumeena batez ere”. Eta zehaztu dute, “beste alderdi askok ez bezala, EHBilduk ez dituela enpresa handien interesak defendatzen, herritarrenak baizik, herritarrak gure politika ereduaren erdi-erdian daudelako”.

Aldaketa

Balizko gobernu aldaketa baten aurrean EHBilduren jarrera zein izango den galdetuta, Enbeitak eta Varelak adierazi dute “Espainian oso zaila dela aldaketarik izatea, ezinezkoa ez esatearren”. EHBilduren Bizkaiko zerrendaburuen arabera, “aldaketa izateko ezinbestekoa da herrien erabakitze eskubidea onartu eta errespetatzea”. Eta gaur gaurkoz, esan dute, “hori ez da posible Espainian”. “Horregatik, aldaketarik izatekotan, hori Kataluniatik eta Euskal Herritik etorriko da”, nabrmendu dute.