“Kongresuan egoteak Madrilen, Martxoak 3, Fracking, Foronda edo Garoña bezalako gaiak lantzea ahalbidetu du”, azaldu du Iker Urbinak. “Madrilera goaz pertsona guztien eskubideak defendatzera. Erabakitze eskubidea, noski, horien artean dago”, azaldu du Lorena Lopez de Lacallek.

Gaur goizean Gasteizen antolatutako prentsa gosarian, Arabako EH Bilduk, Kongresura eta Senatura aurkeztuko dituen zerrendaburuak aurkeztu ditu. Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacallek kazetariei azaldu diotenez, “ezkerreko indarren arteko balizko hitzarmen batek erabakitze eskubidea behar du izan oinarri”. Urbinak gaineratu duenaren arabera, erabakitze eskubidearekiko errespetua da behar du izan, Gobernu aldaketa bat lortzeko bidean, giltza. “Hori horrela bada, EH Bildu ez da oztopo izango, horren bultzatzaile baizik”.

Urbinak talde SENDO baten aldeko apustua egin du, “bai Kongresuan baita Senatuan ere”. Arabari dagokionez, “EH Bildu egonkortu egin da Araban, oinarria sendoa da eta bidea zein den argi daukagu. Hauteskundeetan jaso dugun sostenguak hori adierazten du”.

Abokatu gasteiztarraren bigarren legealdia izango da hau, Amaiur taldearekin Kongresuan, lau urte igaro ostean. “Madrilen egoteak, erabakiak hemen hartzea zein garrantzitsua den erakutsi digu, 400 kilometrotara hartutako erabakien menpe ezin garelako egon”.

Hurrengo legealdiari dagokionez, Lorena Lopez de Lacallek azaldu du EH Bilduk erabakitze eskubidea defendatu baina “naziorik gabeko estatuen indar batuketarekin bat egingo duela beti, prozesu eratzaileak sostengatu eta indartzeko”

Iker Urbina Fernández (Gasteiz, 1977)

Gasteiztar abokatua, El Pilar-eko auzoan hazi zen. Egun, bertan du bulegoa. Jatorri anitza duen famili batean jaioa, ama Leongoa du eta aita Urkabustaizekoa. Ikerrek, ikasketak Ikasbidea ikastolan burutu zituen. Gero, Donostian Zuzenbidea ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaztetik izan da herri mugimenduko kidea.

Kirolzalea da oso. Baskonia-ko jarraitzailea, korrika egitea oso gustuko du eta, datorren igandean Behobia – Donostia maratoian hartuko du parte. Sei hilabete daramatza maratoia prestatzen. Zazpi urteko semea dauka: Guratz.

Madrilen egingo duen bigarren legealdia izango da hau

Lorena López de Lacalle Arizti (Gasteiz, 1959)

Itzultzaile gasteiztarra, La esperanza kalean hazi zen. Itzultzaile lanak mundu osotik zehar egin ditu eta, besteak beste, Ginebra, Brusela edo Estrasburgoko unibertsitateetan aritu da lanean. Kultura eta arkitektura oso gustuko ditu baina bere profilean alor solidarioa nabarmentzen da. Boluntariotzan Egipto edo Suitzan aritu da, Alejandriako leproseria batean egon zen, adibidez baina baita Suitzara iristen ziren espainiar estatuko langileei harrera egiten, ahal zuen guztian laguntzen, alegia.

Bi seme ditu, Martin eta Adrian eta, hau izango da bere lehenbiziko legealdia Madrilen. Egun Arabako Batzar Nagusietako kidea da baina Arabako Kultura diputatu izan zen ere.

Lorenak euskara eta gazteleraz gain, frantsesez, portugesez, italieraz eta ingelesez hitz egiten du.