Orokorrean, hautaketa prozesuaren bi fasetan 300 batzar inguru egin dira 6500 pertsonen parte hartzearekin.

Herriz herri garatu den prozesua amaituta, Nekane Perezek eta Oskar Matutek prozesuaren balantzea eta abenduaren 20ko hauteskundeetarako EH Bilduko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zerrendaburuen aurkezpena egin dute Bilbon.

Biek egindako prozesua balorean jartzeaz gain etorkizunari begira partehartzea, gardentasuna eta irekitasuna EH Bilduren nortasun ikurrak bihurtzeko ahaleginetan sakondu behar dela. Nekane Perezen hitzetan, “EH Bilduren proiektuarekin identifikatzen diren pertsonei interbentzio aktibo eta azkarra bideratzeko mekanismo berriak eta arinak martxan jarri behar ditugu. Baina orokorrean balorazio positiboa egiten dugu parte hartze ariketa honen inguruan.”

Agerraldian, herriz herri egindako batzarren eta bozketen bideo bat eskeini ondoren, prozesuaren inguruko emaitzak eta datu batzuk eskeini dituzte. Iker Urbina Araban, Onintza Enbeita Bizkaian, Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoan eta Sabino Cuadra Nafarroan izan dira bozkatuenak eta beraz, beraiek izango dira EH Bilduko zerrendaburuak Kongresurako. Senaturako berriz Lorena Lopez de Lacalle Arabatik, Irantzu Veral Bizkaitik eta Urko Aiartza Gipuzkoatik izango dira hautagaiak. Nafarroan zerrenda bateratua adosteko prozesua zabalik dago. Orokorrean 188 batzar burutu dira bigarren itzulian eta 3800 pertsonek hartu dute parte hautaketa prozesuan.

Jarraian Oskar Matutek hartu du hitza azpimarratzeko EH Bilduren ahotsa Madrilera eramango duen ordezkaritzari dagokiola Amaiurek egindako lan garrantzitsuari jarraipena ematea. “Badakigu han zer dagoen, soberan dakigu Estatuak euskaldunak isildu nahi gaituela gure interbentzioa ez bada beraien legeari eta aginduari men egiteko. Beraz, ez gara joango ezer eskatzera, ezta ezer jasotzeko esperantzarekin”

Norabide horretan, Matutek argi utzi du EH Bildu Madrilera joango dela “Euskal Herriarentzat askatasuna eta demokrazia aldarrikatzera; Madrilera goaz inposatzen diguten menpekotasunari amaiera jarriko diogula esatera eta gure herria egunez egun, erabakiz erabaki, eraikitzera goazela pakearen, demokraziaren eta justizia sozialaren oinarriaren gainean. Euskal Herrian ez dago aitxakirik.”

Garaiaren garrantzia gogoratuz, EH Bilduko bozeramaleak adierazi du gizarteari argi hitz egiteko ordua heldu dela, aitxakirik gabe. “Indar soberanistak biltzeko eta bidea gure erabakien aldebakartasunetik egiteko unea da. Ez dago beste aukerarik aitortzen eta errespetatzen ez gaituenarekin. Eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen digunarekin”.

Eta amaitzeko, Oskar Matutek inposatzen diguten menpekotasun markoa gainditu eta atzean uztearekin batera, Catalunyan bezala, Euskal Estatua eraikitzeko prozesu eragilea bultzatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. “Horregatik, EH Bildutik euskal gizarteari babesa eskatuko diogu Madrilera joateko eta han ozen esateko Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrok erabakiko dugula, hemen, gure herrian”