Gaur goizean bertan datorren abenduaren 20an eginen diren hauteskundeetarako zerrenda bateratua aurkezteko talde bultzatzaileak agerraldia egin du, hain zuzen, aste guzti honetan eztabaidatu eta azkenean erabaki denaren inguruan informazioa emateko.

EH Bilduren partetik, hasieratik prozesu honetan, gardentasunez eta jarrera irekiarekin parte hartu dugu.

Jakina denez, EH Bilduk hurrengo hauteskundeetan zerrenda bateratuaren aldeko jarrera izan du. Azken egunotan 35 batzar egin ditu Nafarroan osoan zehar eta batzar hauetan zerrenda bateratuaren aldeko hautua gehiengo zabalak babestu egin du.

EH Bilduren ustez, Kongresurako eta Senaturako hauteskunde hauetan Nafarroan aldaketa politiko eta soziala bultzatzen dugun indar politikoen zerrenda bateratuak lagunduko luke aldaketa hau aurrera eramaten.

Zerrenda bateratua bultzatu duen talde eragileen lana txalotu eta eskertu nahi dugu. Iniziatiba honek hazia jarri du eta etorkizun hurbilean elkarlanerako ate gehiago irekiko direla espero dugu. Izan ere, azken urte hauetan kalean eta instituzioetan ere eragile sozialen, sindikalen eta politikoen arteko elkarlanak Nafarroako egoera politiko berrira hurbildu gaitu.

Hala ere, zerrenda bateratua baino, bakarrik joatea erabaki duten alderdien jarrerak desberdinak izan dira. Interes alderdikoiak lehenetsi badituzte ere, argi dago Gero Baik hasieratik garbi utzi duela zein zen bere hautua; bakarrik joatea. Bere argudioak ez ditugu konpartitzen, interesak eta estrategia alderdikoia lehenetsi baitu.

Podemos eta Izquierda-Ezkerra Nafarroako egoeran modu positiboan nola eragin baino, alderdi hauek Nafarroatik kanpo, hots, estatuan dituzten interesei eta estrategiei jarraitu diete.

Eta orain zer? Orain EH Bilduk bere hautagaitza aurkeztuko du. Kongresurako zerrendaburua aukeratzeko prozedura abian dago. Esan dugunez, azken asteotan Nafarroan 35 batzar inguru egin ditugu eta bertan zerrendaburu izateko izenak jaso dira. (Izen horiek ez ditugu orain publikoak egingo, haiekin lehenago hitz egin behar dugulako).

Batzarren %10etan izendatuak izan direnekin hitz egiten ari gara zerrendaburu izateko prestutasuna ikusteko. Baietz esanen dutenekin zerrenda bat egingo da eta urriaren 16tik 30era herri batzarrak egingo dira, zerrendaburua aukeratzeko. halaber, batzar hauetan Madrilera joanen diren EH Bilduko hautetsiek defendatuko duten eta garatuko duten politika ere eztabaidatu eta erabakiko dugu.

Hau da abian jarriko dugun aukeratze prozesua, herriz herri, auzoz auzo.