Oskar Matutek eta Rebeka Uberak EH Bildun irailaren 14an zabaldu zen eztabaida prozesu partehartzailearen lehen fasearen balantzea egin dute gaur komunikabideen aurrean. Prozesu hau abiatzearen arrazoiak bi dira: Lehenik, EH Bilduren oinarriekin zuzenean partekatzea hauteskunde orokorren inguruko hausnarketa eta hartu beharreko erabakiak. Bigarrenik, EH Bildu tresna politiko herrikoi eta zabal gisa eraikitzen hastea, herri guztietan batzarrak deituta, behetik gora eraikitako antolaketa eredu baterantz joateko.

Rebeka Uberak azpimarratu duenez, «guretzat, garrantzitsuena da oinarriekin eta herritarrekin bat egiten duen erakunde politikoa izatea. EH Bildu bat nahi dugu irekia, berritzailea, ausarta, eta batez ere, behetik gora eraikia.»

Prozesu honek bi une izango ditu. Lehena, Amaiurrek Espainiako Gorteetan egin duen lana baloratzeko, eta hauteskundeetako zerrendan parte hartuko duten zerrendaburuen izenak proposatzeko, oraintxe bukatu berri dena. Bigarrena, urriaren 16tik 30era egingo dena, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zerrendaburuak hautatzeko izango da.

Datu zehatzetan sartu gabe, Uberak eztabaidaren balantzea jarri du mahai gainean, fase honetan herrialde guztietan 100 batzar ireki baino gehiago egin direla informatuz. Eta balantze moduan, partehartze kualitatibo eta kuantitatiboa baloratu du. « Oso pozik gaude jendeak eman duen erantzunarekin. Eztabaidak eta debateak sakonak eta biziak izan dira, beti ere klabe eraikitzailean. Zentzu horretan, esan beharra daukagu oso harro gaudela EH Bilduren inguruan mugitzen eta inplikatzen diren ehunka eta ehunka herritarrez» adierazi du bozeramaleak.

Lehen fase honetan, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle talde batek egindako proposamenaren gainean eztabaidatu da ere. Proposamen horrek klabe eraldatzailean mugitzen diren indarren arteko aliantza proposatzen du.

Rebeka Uberaren hitzetan «oinarriek ere garbi adierazi dizkigute bi gauza: Lehena, begi onez ikusten dutela klabe eraldatzaileetan hauteskundeetarako aliantzak osatzeko proposamena. Eta, bigarrenik, eztabaida hori ezin dela hauteskundeei begira bakarrik egin. Alegia, maila sozial eta politikoan, herritar sektoreen arteko aliantzak bilatzeko aro berri bat irekitzea erabaki dugu, lojika elektoraletatik haratago, baina haiei uko egin gabe.»

Oraindik ere izenak proposatzeko epea irekita dago, eta horretarako hainbat batzar egingo dira datozen egunotan. Izen guztiak jasotakoan, publiko egingo dira, herritarrek bozka ditzaten eta bozkatuenak aukeratuak izango dira, esan bezala, urriaren 16tik 30era bitartean.