EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak galdera sorta bat aurkeztu du Diputatuen Kongresuan Amurrioko erasoaren harira. Iragan urtarrilaren 6an Espainiako Polizia ohi batek Amurrioko familia baten etxebizitzaren aurka tiro egin ostean bertako familiaren bizitza arriskuan jarriz, Beitialarrangoitiak azalpenak galdegin dizkio Espainiako Gobernuari.

EH Bilduk, zehazki, jakin nahi du indarrean dagoen ikerketa polizialaz gain Espainiako Gobernuak ekimenik abiatu duen edo ez. Hori dela eta, Pedro Sanchez buru duen gobernuari honako galdera hau zuzendu dio: "Nola liteke polizia ohiek legez kanpoko armak erabiltzeko modua izatea eta Amurrion jaurtitako munizio berezia erabili ahal izatea?".

Beitialarrangoitiak, halaber, Espainiako Gobernuari exijitu dio azal dezala polizia ohiei dagokienez zer-nolako kontrol neurriak dauzkan indarrean suzko armen inguruan: "Zer-nolako neurriak hartuko ditu Gobernuak herritarrak babesteko eta Amurriokoaren gisako erasoak berriro ez gertatzeko?".

EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak galdetu du, erasoaren egilea polizia ohia dela baieztatzen bada, ea Espainiako Gobernuak publikoki salatuko duen gertatutakoa eta neurri zehatzak iragarriko dituen gisa horretako erasoak berriro ere gerta ez daitezen. Koalizio subiranistaren ustez, Estatuan areagotzen ari diren muturreko jarrera totalitarioak daude Amurrioko erasoaren jatorrian.