EH Bilduko legebiltzarkide eta Askatasun Demokratikoen idazkari Julen Arzuagak oso larritzat jo du Amurrioko familia batek igandean pairatu zuen su-armaz egindako erasoa, tiro horrek euskal herritarren osotasun fisiko eta bizitzaren kontrako erasoa izan delako, soilik duten euren pentsamenduagatik”. Horren haritik erantsi duenez, “agerikoa da eraso horren atzean dagoen motibazio politikoa, jatorrian Estatu espainolean areagotzen ari diren muturreko posizio totalitarioak daudelako, Euskal Herritik inoiz alde egin ez dutenak, hain zuzen ere”. Hori dela eta, “eskandalagarria da alderdi eta hedabide zehatz batzuk motibazio politiko hori ukatzen saiatzea”. Gertaturikoak duen garrantzia aintzat hartuta, EH Bilduk adierazpen instituzional bat proposatuko du Legebiltzarrean, “eraso larri horren kontrako gaitzespen zabalena bilatzeko”.

Arzuagaren iritziz, “oso larria da poliziak edo polizi ohiek arauez kanpoko armak eta munizio berezia eskura izatea, inpunitate osoz horrelako erasoak egiteko, eta inpunitate osoz diogu, daukagun informazioaren arabera, erasotzailea ez delako atxilotua izan eta ez zaiolako inolako neurririk aplikatu. Berriro ere ikusten dugu Estatua, ohikoa den moduan, bere menpekoak estaltzeko ahaleginetan dabilela”.

Halaber, “ezin da onartu kasua izaten ari den erreakzio komunikatibo eta politikoa, gertakizunen larritasuna gutxietsiz eta pertsonen kontrako horrelako eraso armatu larri bat adierazpen politikoaren kontrako beste gertakizunekin parekatuz. Lotsagarria da batzuek darabilten neurri eta moral bikoitza”.