Rebeka Ubera: “Azken prozesuak begi bistan utzi du Osakidetzan funtzionatzeko eredu bat dagoela, zeharo hedaturik, lagunkerian eta entxufismoan oinarritua, lanpostuak emateko. Konponbidea ez da aurpegi bat besteagatik aldatzea, baizik eta Pertsonal eredua aldatzea”

Osakidetzako Giza Baliabidetako arduradunaren kargugabetzearen harira, Rebeka Ubera legebiltzarkideak ohartarazi du Osasun sailak haratago joan behar duela irregulartasunak berriro gerta ez daitezen. Osakidetzako zuzendaritzaren berregituraketaz gain, ezinbestekoa da neurri zuzentzaileak martxan jartzea: “Lan Eskaintza Publikoak Osakidetzaren pertsonal arloko arazo estrukturala azalarazi du, eta agerian utzi du oposizioen eta giza baliabideetako politikaren eredua sakon aldatu behar direla, hala egin ezean, oraingoan gertatu diren irregulartasunak hurrengo oposizioetan ere berriro errepikatuko direlako. Bermeak ipini behar ditugu gardentasuna eta aukera berdintasuna ziurtatzeko”.

Uberak azaldu du auziak Osakidetzako Pertsonal politika osoari eragiten diola: “Azken prozesuak begi bistan utzi du Osakidetzan funtzionatzeko eredu bat dagoela, zeharo hedaturik, lagunkerian eta entxufismoan oinarritua, lanpostuak emateko. Orain, berandu bada ere, Osakidetzako arduradunak erantzukizun pertsonalak beren gain hartu dituzte, baina konponbidea ez da makillajea egitea, aurpegi bat besteagatik aldatzea. Gakoa da Osasun Saileko politikak eta Osakidetzan nagusi den eredua aldatzea”.

Hortaz, premiazkoa da beste eredu bat ezartzea Lan Eskaintza Publikoetan eta Pertsonal politikan, Funtzio Publikorako sarbidean bermatzeko meritu, gaitasun, objektibotasun eta aukera berdintasun printzipioak errespetatzen direla. EH Bilduk neurri sorta bat aurkeztu zuen azaroan. Besteak beste, lehen hiruhilekoan Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aztertzeko eta hobetzeko talde txostengilea abiatzea proposatu zuen.