Albisteak

Zerga erreforma abian jartzearen beharra defendatuko du EH Bilduk EAEko Finantzen Kontseiluan


EH Bildu | 2020-10-14 17:12:00

Diru bilketa bidezkoagoa bermatzeko helburuarekin, zerga erreforma abian jartzeko beharra defendatuko du EH Bilduk bihar egingo den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan. Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariordea eta Azpeitiko alkatea izango da EH Bilduren ordezkaria Finantzen Kontseiluan, eta bertan aldarrikatuko du zerga erreformaren beharra. “Egungo errealitatea deskribatzen duen argazki bat egiteaeta diru-bilketa murriztu dela esatea ez da nahikoa. Orain inoiz baino ageriago geratzen ari da zerga erreforma egitearen beharra, bitartekoak igo eta sistema justuago batera joateko”.

Bihar goizeko 11:00etan Lakuan egingo den bileran, egungo diru-bilketa sistemaren zamarik handiena soldatapeko langileek hartzen dutela azpimarratuko du Alkortak, PFEZ eta BEZ zergek hartzen dutelako portzentualki pisurik handiena. Gainera, datuek agerian utziko dute, beste behin, sozietateen zergaren pisu portzentuala jeisten ari dela.

Udalen eta horien finantzazioaren defentsa ere egingo du Alkortak bihar. “Udalentzat ez da nahikoa esatea diru-bilketa txikiagoa dela aurten. Udalek baliabideak behar dituzte herritarren beharrak asetzeko”, nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak. Azpeitiko alkate eta Eudeleko presidenteordeak Udalen defizitari buruzko hainbat proposamen mahai gaineratuko ditu bihar. Horrela, Europako Funtsetatik datorren diruaren %30 udalek kudeatzea proposatuko du (%20 zuzenean eta %10 garatzen ari diren proiektuen bitartez) Espainiako Gobernuarekin adostutako %0,9ko defizita % 50ean foru aldundien eta udalen artean banatzea proposatuko du. Era berean, saldo negatiboa duten eta aldundiaren urteko partidaren zati bat itzuli behar duten udalen kasuan, itzulketa zatituta egin ahal izatea hiru urteko epean.