Albisteak

Udalek Europako funtsetatik datozen laguntzen %30 jasotzea proposatuko du EH Bilduk Eudelen zuzendaritzan


Funtsen banaketa erabakitzen den foroetan udalen aniztasuna errespetatzeko eskatuko du biharko Batzorde Exekutiboan Nagore Alkorta Eudeleko presidenteordeak

EH Bildu | 2020-10-07 10:54:00

EH Bilduk udal finantzaketari buruzko hainbat proposamen eramango ditu biharko Eudeleko Batzorde Exekutibora. Hain justu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara iristen diren Europa berreraikitzeko funtsen %30 udalek jasotzeko proposamena aurkeztuko du Nagore Alkorta Eudeleko presidenteordeak eta Azpeitiko alkateak. Zehazkiago, udalek funts horien % 20 zuzenean jasotzea proposatuko du, eta gainerako % 10a zeharka eragiten dieten proiektuen bidez jasotzea.

Alkortak gogorarazi duenez, "EH Bilduko udal asko trantsizio energetikoarekin lotutako proiektu oso interesgarriak garatzen ari dira, eta horiek kontuan hartu behar dira funtsen banaketa erabakitzeko garaian". Alkortak gaineratu duenez, "Udalek ere berebiziko garrantzia dute trantsizio ekologikoan, eta hori ezin dugu alde batera utzi".

Bestalde, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da udalen aniztasuna bermatzea Europako funtsen banaketa erabakiko den organoetan. "EUDEL erakunde anitza da, ahots eta ikuspegi askotarikoa. Uste dugu beharrezkoa dela ahots horiek guztiak entzun ahal izatea, eta ez bat bakarrik Europako funtsak banatzeko orduan", esan du. Hala, EH Bildu lehen indar munizipalista dela gogorarazi du. “Ez luke zentzu handirik izango dirua banatzeko organoetan ordezkatuta ez egoteak", azpimarratu du.

Azpeitiko alkate eta Eudeleko presidenteordeak Udalen defizitari buruzko hainbat proposamen ere helaraziko dizkio biharko Batzorde Exekutiboari. Horrela, Espainiako Gobernuarekin adostutako %0,9ko defizita % 50ean foru aldundien eta udalen artean banatzea proposatuko du. Era berean, saldo negatiboa duten eta aldundiaren urteko partidaren zati bat itzuli behar duten udalen kasuan, itzulketa zatituta egin ahal izatea hiru urteko epean, bere garaian Bilduk gobernatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen bezala.