AKTUALITATEA

| 2020-08-17

Osasun Emergentzia egoera deklaratu den honetan, EH Bilduko Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Arabako lau alkatek agerraldia egin dute gaur. Bertan izan dira Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea), Itziar Biguri (Urduñako alkatea), Txelo Auzmendi (Asparrenako alkatea) eta Aitor Larraza (Irurtzungo alkatea).

 

Alkateek nabarmendu dute pandemiak muturreko egoera batean herritarrengandik gertuen dauden instituzioen eraginkortasuna agerian utzi duela, “udalek jokatu duten papera ezinbestekoa izan da. Horregatik, dei egiten diegu Urkullu eta Chiviteri, baita ere, udal elkarteei, udalak defendatu eta hauen finantziazio nahikotasuna bermatzera”, adierazi dute.

 

EH Bildutik uste dugu herri honek behar duen eztabaida handienetako bati aurre egiteko unea iritsi dela: gure udalen finantziazioa, toki-erakundeek beren eskumenei aurre egiteko nahikoa finantziazio izatea. Badakigu zertaz ari garen. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, eta guk ezagutzen ditugu hobekien haien beharrak. Gure herriko jendearen ongizateaz ari gara. Eta eztabaida hori atzerapenik gabe gertatu behar da; izan ere, Covid-19k eragindako krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak guztiok behartzen gaitu gure onena ematera, eta herritarren premiek ezin dute itxaron”, adierazi du Solaberrietak.

 

Pandemia hasi zenetik, udal erakundeak berau geratzeko eta horren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko lehen lerroan egon dira. Udalak duten errelebantzia eta eraginkortasun politikoa zein herritarra agerian gelditu da azken hamarkadetan bizi izan dugun egoera zailenean. Honela, Chivitek orain egun gutxi udalei enplazamendua luzatu zien osasun egoera honetan herritarren osasun segurtasuna babesteko beharrezko neurriak hartzera. “Pozgarria da tokiko erakundeen gaitasunaz hitz egin eta eztabaida politikoan tokiko erakundeen autonomiaren aldarrikapena gailentzea, baina osasungintza zein hezkuntza arloekin gertatzen den bezala, tokiko erakundeek ere autonomiaz gain baliabideak behar dituzte beraien eskumenak gauzatzeko, eta batez ere, herritarren ongizatearen alde lan egiteko”.

 

Udal finantziazioak eta udal baliabide ekonomikoen erabilera arauek dituzten zurruntasun eta mugek egungo egoera honetan udalek herritarren beharrizanei erantzutea eragozten dute, udalen superabita bankuei bideratzea derrigortuz eta zorpetzea eragotziz. Abuztuaren 4ean sinatutako akordioak egoera honi erantzuten dio: udalek dituzten gerakinak erabiltzeko mugak gainditu behar dira, baina akordio hau ez da bidea, ez ditu udalen interesak babesten.

 

Udalen gerakinak behar bezala erabiltzeko Aurrekontuen Egonkortasun Legea indargabetu beharra dagoela adierazi dute alkateek. “Gogora ekarri behar dugu EH Bilduk maiatzaren 20an Espainiako Gobernuarekin sinatutako akordioan udal gerakina erabiltzeari Aurrekontu Egonkortasunaren gaineko Legeak ezartzen dizkion mugak indargabetzea adostu zuela, neurri hau izango baita udalek beraien baliabide ekonomiko propioak herritarren zerbitzura inbertitzeko aukera emango baituen berme bakarra. Beraz, EH Bilduk akordio hori exekutatzeko bidean lanean jarraituko du”.

 

Akordio honen benetako helburua beste bat da: Espainiar Gobernuaren beraren finantziazio bermatzea. Eta gainera ez ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren foru berezitasunak errespetatzen, hori dela eta, lau probintzia hauetan ez dagokio aplikatzea. Hori dela eta, alkateek “burujabetzarako premia” nabarmendu dute, “Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako baliabide ekonomiko eta aberastasuna Estatuaren tutoretza gabe kudeatzeko beharra”.

 

Espainiako Gobernuak akordio berri honen bidez martxan jarri nahi duten mekanismoaren parekoa ezaguna zaigu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eskuetatik. Foru Aldundiek banatzen duten udal foru funtsen gainean eginiko aurreikuspena murriztu egin dute, eta beraz, udalek uste zutena baino diru sarrera gutxiago izango dituzte – aurreikusitakoa baino %20 gutxiago herrialde bakoitzean gutxigorabehera-.

 

Bizkaian egoera are larriagoa da. 2019ko udal foru funtsaren likidazioa egiterakoan udalen aldeko saldoa (26 milioi euro) Foru Aldundiak udalei egun dituzten zailtasun eta erronka kolosalei aurre egiteko eman beharrean, bere altxorrean gordetzea erabaki du, 2020ko udal foru funtsaren likidazioa negatiboa izanez gero konpentsatu ahal izateko.

 

Ez da hau izan udal finantzetan jazo den anomalia bakarra. Espainiako Gobernuak martxoaren 17an sortutako Ez- Ohiko Gizarte Funtsa Bereziaren banaketan ere hainbat tirabira izan dira. Beste Autonomi Erkidegoetan funtsa hori apirila eta maiatzean udalei entregatu zitzaien bitartean, EAEko udalek oraindik ez dute ezertxo ere jaso.