Albisteak

Udal finantzazioaren eredua aldatzeko eskaera egiten du EH Bilduk


EH Bildu | 2021-02-12 18:43:00

Covidak eragindako krisiak hasieran aurreikusitakoa baino eragin txikiagoa izan du diru-bilketan; beraz, udalen finantzazioan ezarritako %20ko murrizketa bidegabea izan zen; beharrezkoa da udal finantzazioaren eredua aldatzea. Hori ondorioztatzen du EH Bilduk Euskal Finantzen Kontseiluak gaur egin duen bileratik.

Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariordea eta Azpeitiko alkatea izan da EH Bilduren ordezkaria gaurko bileran. Covidaren krisiak udal finantzazioaren ereduan dauden gabeziak agerian utzi dituela azpimarratu du. “Udalak gara herritarrengandik hurbilen diren erakundeak, baina sarri ahaztu egiten ditugu bere funtzioak eta zenbaterainoko garrantzia daukaten herritarren bizitza hobetzeko eta herritarrak babesteko orduan”, esan du Finantzen Kontseiluak gaur egindako bileraren ostean.

Zentzu horretan, Alkortak azpimarratu du finantzazioaren alorrean udalak sarri “defentsa gabe” aurkitzen direla, foru aldundiek modu aldebakarrean hartutako erabakiekin jokatzen dutelako udalei dagokien finantzazioa, Covidak eragindako krisiarekin gertatu bezala. Izan ere, joan den maiatzean erabaki zuten udalei dagokien finantzazioa %20 murriztea, nahiz eta gero ikusi aurreikusitako diru-bilketa handiagoa izan dela.

Maiatzetik aurrera hartu diren erabakiak “txarrak” izan direla agertu du Alkortak, “prebisio errealik gabe” egindakoak. “Udalek inoiz baino behar handiagoak izan dituztenean hartu zituzten erabaki horiek. Hartu ziren erabakiak ez zioten errealitateari erantzuten, eta ondorioa udalek beraien kontuetan sufritu dute. Udalen interesen kontrako erabakia izan zen”.

Horrenbestez, udal finantzazioaren eredua aldatu beharra dagoela defendatu du Alkortak. “Gaur egungo udal finantzaketa eredua ez da udalentzako justua, eta udalok herritarren bizitzak babestu eta hobetzeko dugun garrantzia ikusita, udalen finantziazioaren nahikotasuna eta egonkortasuna bermatuko duen sistema bat beharrezkoa da”.