Transferentzien egutegia atzeratzeko Lakua eta Madrilgo gobernuek hartutako erabakia hizpide izan du Maddalen Iriartek. Bere esanetan, atzerapen hori “40 urteko historia baten segida baino ez da, beste buelta bat inoiz amaitzen ez den noria batean, inora ez joateko gainera, denok dakigulako Gernikako Estatutuak 40 urte daramatzala bete gabe eta inoiz ez dela guztiz beteko. Zenbat aldiz entzun dugu orain bai, orain beteko dela, ondoren konpromisoak ez gauzatzeko? Zoritxarrez, ezin dugu pentsatu oraingoan gauzak ezberdinak izango direla. Errepide bat transferitzeko ez dakit zenbat hilabete behar izan baziren, zenbat ote dira espetxeak edota gizarte segurantzaren erregimena adosteko?”.
EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du, “transferentzia guztiak eginda ere, duela 40 urte testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko hartan onartutako estatutu batek ez duela balio herri honek gaur egun dituen erronkei aurre egiteko”. Hori dela eta, “aski da esateko unea iritsi da, aspaldian iritsi zen, egia esan”.
Horri jarraituz, Iriartek behar-beharrezkotzat jo du “jauzi bat egitea autogobernuan, burujabetzan”. Azaldu duenez, “estatus politiko berria behar dugu tresna propioak, guztiak, edukitzeko, hori ezinbestekoa baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren beharrizanak asetzeko, herri gisa ditugun erronkei baldintza egokietan erantzun ahal izateko”.
Iriarteren iritziz, “anbizio hori falta zaio Jaurlaritzari”. Horren isla da gobernu programa, Urkulluren herri helburuen artean estatutu politiko berria desagertu baita, EH Bilduko bozeramailearentzat “oso kezkagarria” dena. Izan ere, “lehendakari batek ortzimuga, herri gisa iritsi nahi duen eszenatokia, irudikatu behar du, herri gisa lortu beharreko helburuak eta erronkak zehaztu behar ditu, eta estatus politiko berria herri helburua da ezinbestean”.
EH Bilduren iritziz, premiazkoa da Osasun sailburuak Diputazio Iraunkorrean azalpenak ematea gezurretan aritu den zantzuak gero eta handiagoak direlako, argitaratzen ari diren informazioak ikusita.
Espainiako Estatuko funtzionarioek egindako urraketen kasuan, beste alde batera begiratzen du, zigorgabetasunez jokatzen du eta torturatzaileak estaltzen ditu