Albisteak

Saharan giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria eta jazarpena salatu du EH Bilduk


EH Bildu | 2021-02-15 20:12:00

Saharan giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria eta jazarpena salatu du EH Bilduk, lurralde okupatuetako egoerari arreta berezia jarriz.

Marokoko Armadako kideek Sultana Khaya ekintzaile saharauia eta Elwaara Khaya arrebari eraso egin diete Bojador hiri okupatuan. Front Line Defender nazioarteko erakundeak ohartarazi duenez, "Sultana Khaya giza eskubideen defendatzailea etxean atxilotuta zegoen duela 12 astetik Bojadorren. 2020ko azaroaren 19an, Marokoko zenbait polizia-unitatek setioa ezarri zuten bere etxearen inguruan, eta giza eskubideen defendatzaileak eraso fisikoak eta hitzezkoak jasan ditu. "

Hori da sahararrek lurralde okupatuetan pairatzen dituzten giza eskubideen aurkako ehunka kasuetako bat, gerra hasi zenetik areagotu egin dena.

EH Bilduk lurralde okupatuetako egoera salatzen jarraituko du. Era berean, Fronte Polisarioari eta saharar herriari babesa ematen eta autodeterminazio eskubidea defendatzen jarraituko du.