Albisteak

Saharako ekintzaileei Maroko egiten ari den mehatxu zuzenak salatu ditu EH Bilduk


EH Bildu | 2020-10-07 19:37:00

Marokok ekintzaile sahararrei egindako "mehatxu zuzenak" salatu ditu Fronte Polisarioak. Fronte Polisarioak igorritako komunikatu ofizial baten arabera, Marokoko Okupazioaren Kontrako Saharako Instantziako (ISACOM) ekintzaileak zuzenean mehatxatzen ari dira Marokoko okupazio agintariak. Hauek dira mehatxatutako ekintzaileak: Aminetu Haidar ISACOMeko presidente gisa, Ghalia Djimi, Lehcen Dalil eta Mina Baali (ISACOMeko zuzendaritzako kideak), Fatma Ayach (ISACOMeko kidea).

Aminetu Haidarrek berak salatu duenez, irailaren 30etik polizia ofizialaren eta zerbitzu sekretuen ibilgailuek euren etxebizitzak inguratzen dituzte eta euren etxeetara bisitak egitea eragozten dute. Jazarpen- eta setio-egoera horren aurrean, ekintzaile sahararrak NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio Mendebaldeko Saharara batzorde bat lehenbailehen bidal dezala, okupazio "basati" baten pean dagoen lurralde honetan giza eskubideen egoera ikertzeko, Marokok berehala erreprimitzen baitu "autodeterminazio-eskubidea errespetatzea eskatzen duen edozein pertsona”.

Arestian aipatutako guztiagatik, EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi die saharar ekintzaileei, jasaten ari diren setio polizial basati honen aurrean.

Era berean, gure egiten dugu Fronte Polisarioaren eskaera, nazioarteko komunitateari eskatzeko berehalako neurriak har ditzala Mendebaldeko Saharan okupatutako hirietan saharar zibil errugabeak segurtatzeko eta babesteko, eta Marokoko okupazioaren agintarien errepresio-jardunbideak arbuiatzeko.

Azkenik, ongietorria egiten diegu eta babes publikoa ematen diegu Marokoko Okupazioaren Kontrako ISACOM instantziari eta eratu berri den GKE horretako kide diren ekintzaile sahararrei.

EH Bilduk saharar herriari babesa ematen jarraituko du autodeterminazio eta independentziarako eskubide legitimoaren aldeko borrokan.