Albisteak

Pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko, elkarlana eta baliabideak eskatu dizkiote Jaurlaritzari EH Bilduko alkateek


Udalek kutsaduraren jatorriaren informazioa eta zaharren egoitzetako eta ikastetxeetako datuak egunero izatea eskatuko du ezker subiranistak EUDELen zuzendaritzan

EH Bildu | 2020-10-21 11:50:00


EH Bilduko alkateak kezkatuta daude pandemia beren udalerrietan hedatzen ari delako, Euskal Herriko gainontzeko udalerrietan bezala, eta birusaren hedapenari eta horrek eragindako ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei aurre egin ahal izateko baliabide nahikorik ez dutelako. Zentzu horretan, erakundeen arteko elkarlana areagotzeko eta hobetzeko unea dela uste dute ezker subiranistako alkateek. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta EUDELen presidenteordeak udalekin elkarlana areagotzeko eskatu dio Jaurlaritzari. “Garai gogorrak bizitzen ari gara guztiok, eta horrek gure indar guztiak elkartzea eskatzen du. Beharrezkoa ikusten dugu Jaurlaritzak udalekin batera elkarlanean aritzea, pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko. Erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa dela uste dugu, eraginkorragoak izateko”.

Zentzu horretan, osasun baliabideak modu partekatuan erabiltzeko eskatu dio Alkortak Jaurlaritzari. Aztarnariak, baheketak... “Gure herrietan baheketa bat egin behar izan denean, sarritan hedabideen bitartez izaten dugu horren berri. Gure udalerrietako datuen berri ere hedabideen bidez izaten dugu, nahiz eta semaforo gorria izan eta egoera larria izan. Beharrezkoa da informazioa guztion artean partekatzea, dauden baliabideak guztion artean partekatzea, modu horretara eraginkorragoak izango garelako birusaren aurkako borrokan”.

Birusari aurre egiteaz gainera, horien ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egin behar zaiela uste dute EH Bilduko alkateek. Hala, sektore kaltetuenei laguntzeko baliabideak behar direla nabarmendu du Alkortak.

Informazio faltarekin kezkatuta daude EH Bilduko alkateak, esan bezala, sarritan hedabideen bitartez ezagutzen dituztelako beren udalerriari zuzen-zuzenean eragiten dizkioten datuak. Era horretara, zaharren egoitzetako datuak eta ikastetxeetako datuak egunero udaletara heltzeko eskatuko du Alkortak EUDELek bihar egingo duen zuzendaritzan.


Pandemiaren hedapenarekin kezkatuta, beren udalerrietan ere neurriak zorroztuko dituzte EH Bilduko alkateek. Hala nola, eraikin publikoetan segurtasun neurrien inguruko informazioa handituko dute, segurtasun neurriak zorroztuko dituzte, herrian egoki diren neurriak bultzatuko dituzte... Zaintza komunitarioari dagokionean, herriko merkatari eta ostalariekin eta beste eragileelin hitz egiteko konpromisoa hartu dute ezker subiranistako alkateek, bakoitzak bere eremutik birusaren hedapena gelditzeko zein neurri har ditzaketen aztertu eta horrek izan ditzakeen ondorioak nola zuzendu lantzeko. Herritarrei ere norbere burua zaintzeko eta gertukoak zaintzeko dei zuzenak egingo dituzte EH Bilduko udalek. Horrez gain, pandemiari eta haren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko eta erabakiak modu partekatuan hartu ahal izateko, ezker subiranistako alkateek lanketak abiatuko dituzte herriko eragileekin.