Albisteak

Osasun Sailak iaz baino gutxiago gastatu du aurten pandemia egoeran bizi arren, salatu du EH Bilduk


Osasun Sailaren aurrekontuaren betearazte datuek 2.792 milioiko gastua islatzen dute, 2019an baino 142 milioi gutxiago. Datua kezkagarria da, eta krisiari aurre egiteko Jaurlaritzaren esfortzu ekonomikoaren benetako tamaina islatzen du. EH Bilduk beharrezkoak diren inbertsioak egiteko eskatu dio Urkulluri”.

EH Bildu | 2020-11-04 14:06:00

Jaurlaritzaren aurrekontuen betearazteari buruzko azken datu ofizialek agerian uzten dute zein den benetan pandemiari aurre egiteko egiten ari den ahalegin ekonomikoa, honelako krisialdi batean espero zitekeenetik oso urrun dagoena. “Edonork pentsatuko luke pairatzen ari garena bezalako krisi batean inbertsio eta gastu publikoa nabarmen handituko zela gizartearentzat funtsezkoak diren arloetan, osasunean, hezkuntzan eta pertsonen zaintzan eta babesean nagusiki, baina ez da hori ikusten duguna, harrigarria bada ere”, Nerea Kortajarenak ohartarazi duenez. Hala, Jaurlaritzaren beraren azken datuen arabera, “Osasun Sailak 2.792 milioi euro gastatu ditu irailaren 30era arte, bere aurrekontuaren %70,6; iaz, ordea, 2.934 gastatu zituen epe berean, aurrekontuaren %74,2. Hau da, martxoaz geroztik herri honek inoiz ezagutu ez duen osasun krisi batean murgildurik bizi gara, baina Osasun Sailak iaz baino 142 milioi gutxiago gastatu ditu”.
Horren haritik, erantsi du, “harrigarria eta kezkagarria da, baita ere, Osakidetzaren aurrekontua igo ez izana. Covid-ak dagoeneko ahulduta zegoen Osakidetzari sekulako gainkarga ekarri dion arren, Osakidetza abenduan onartu zen aurrekontu berarekin egiten ari zaio aurre egoerari, nahikoak ez diren baliabideekin”. Hori horrela, “normala da bertako langileak nekatuta eta haserre egotea, eta normala da, ere bai, Osakidetzan area askoren egoera guztiz prekarioa izatea; salbuespeneko egoera honetan salbuespeneko medioak jarri ez direnez, koronabirusarekin zerikusirik ez duten beste arlo guztiak atenditu gabe geratzen dira: kontsultak atzeratzen dira, ebakuntzak ere bai, ohiko gaixotasunen jarraipena ez da behar bezala egiten, eta abar”.
“Hezkuntzan ere egoera ez da askoz hobea”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “pandemiak ez baitu aparteko esfortzu presupuestario bat ekarri”. Zehazki, Hezkuntza Sailak bere aurrekontuaren %74 gastatu du aurten urrira arte (2.179 milioi), iazko portzentaje bera. “Urkulluren Gobernuak ez du Hezkuntza Sailaren aurrekontua pandemiak eskatzen duenari egokitu, eta emaitza herren dabilen hezkuntza sistema bat da, irakasle gehiago kontratatzeko beste nonbait murrizketak egin behar dituena. Zein da, beraz, Jaurlaritzaren aparteko esfortzua pandemiari aurre egiteko? Nola da posible Hezkuntzan eta Osasunean aurrekontu berdinekin aritzea, arlo horietan gehiago inbertitu behar denean, egoerak hala eskatzen duelako?”.
Pandemiaren ondorioak arloz arlo arintzeko Urkulluk iragarri zuen programa bereziari ere heldu dio Kortajarenak, lehendakariak 360 milioiko inbertsioa iragarri bazuen ere, 75 milioi bakarrik erabili direlako. “Zeren zain daude Lakuan? Zeren bitartean herritarrak, autonomoak, ostalariak, merkatariak, familiak… gogotik ari zaizkie aurre egiten bigarren oldarraldi honi”.
Hori guztia dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak “benetako esfortzu ekonomiko bat, momentuak eskatzen duen tamainakoa”, eskatu dio Urkulluri. “Inbertitzeko unea da, ezohiko inbertsioak egiteko unea da, egoera ere ezohikoa delako. Une honetan egin daitekeen inbertsiorik onena osasunean, gure herritarren babesean eta pandemiak gehien kolpatu dituen sektore ekonomikoei laguntzera bideratutakoa da, bai egungo egoerari erantzuteko, bai guzti honetatik ahalik eta ondoen eta azkarren ateratzeko. Jaurlaritzak egin dezake eta hori da eskatzen dioguna, egoerak eskatzen duen tamainako inbertsioa egitea eta horretarako ditugun baliabide guztiak erabiltzea, zorpetzea, erremanenteak, Covid Funtsa…, denak, orain behar ditugulako eta dagoeneko honetatik nola aterako garen proiektatzen ere hasi behar dugulako”.