Albisteak

Kultura oinarrizko ondasun izendatzea proposatu du EH Bilduk, eta sektorea babesteko laguntza plan bat galdegin dio Madrili: "Babestu ezean, desagertu egingo da"


EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Legez besteko Proposamen bat erregistratu du Kultura Batzordean eztabaidatzeko, Espainiako Gobernuari eskatuz erreskate plan bat martxan jar dezala laguntza zuzenen bidez eta krisi ekonomikoak gogor jotako sektorearen biziraupena berma dezala. "Kultura funtsezko ondasun izendatzeaz gain, urgentziazkoa da ezinbesteko neurriak abian jartzea adierazpen huts batean gera ez dadin".

| 2020-09-21 12:03:00

"Babestu ezean, desagertu egingo da". Irmo mintzo da Mertxe Aizpurua diputatua Kulturak egun bizi duen egoera larri eta kezkagarriari buruz. Krisi sozioekonomikoak gogor jo du sektora, eta COVID-19aren berragerpenak areagotzen ari diren honetan, itzulerarik gabeko kolapso baten ertzean utzi du Kultura. Sektoreak aurrean duen etorkizun beltzaz jabetuta, EH Bilduk eskaera zuzena eraman du Diputatuen Kongresura: Kultura funtsezko eta lehen mailako ondasun izendatzea.

"Sektore osoaren iraupena bermatzea" eta kalteak gutxitzea helburu duen egitasmo baten bidez, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak Legez besteko Proposamen bat aurkeztu du, Espainiako Gobernuari eskatuz erreskate plan bat abian jar dezala "berehala", adierazpen kosmetikoetara mugatuko ez dena, eta krisi ekonomikoak gogor jo duen sektore kulturalaren biziraupena eta mantenua bermatuko duena: "Premiazkoa da, adierazpen hutsala izan ez dadin, beharrezko neurriak hartzea Kultura gizarte osoaren eskura egon dadin". Proposamena Kongresuko Kultura Batzordean eztabaidatuko da.

Aizpuruaren iritziz, COVID-19k sortutako krisi ekonomikoak agerian utzi du sektorearen prekarietatea Espainiako Estatuan. "COVID-19aren pandemiak gogor jo du kultur sektorean, eta herrialde baten garapenean duen garrantzia eta eraginagatik babestu beharko litzateke", salatu du, eta honako hau gaineratu: "Milaka artista, profesional eta langilek beren jarduera geldiarazita ikusi zuten goizetik gauera, kalte-ordainik gabe eta erregulazio espediente bati heltzeko aukerarik gabe, lanaren aldi baterako izaera dela eta".

Laguntza plana

Pandemiaren lehen hilabeteetan sektorearentzat onartutako laguntzak "oso eskasak" izan zirela eta Estatuko laugarren sektorea osatzen duten langile guztien egoera hobetzea lortu ez dutela jakinik, ezkerreko indar subiranistak "sektorea erreskatatzeko neurri ekonomiko eta finantzarioak" hartzeko eta martxan jartzea eskatzeko eskaera egin du; horien artean, laguntza zuzenak jasotzen ditu EH Bilduk, autonomoentzat, enpresentzat eta baita besteen kontura aritzen diren langileentzat ere.

EH Bilduk, gainera, ezinbestekotzat jo du kultur ekitaldiak segurtasun baldintza egokietan egitea sustatzen duten irizpideak eta erabakiak aplikatzea, Europako beste herrialde batzuetan egiten duten bezala. Aizpuruaren arabera, funtsezkoa da sektorearen etorkizuna erakunde publikoetatik defendatzea, beste sektore ekonomiko batzuetako jarduerak bezainbeste edo gehiago, horiek babesteko neurri gehiago ezarri baitira. "Frantziako Estatuak, adibidez, premiazko funts bat sortu du kulturaren inguruko sektore guztiei laguntzeko. Alemaniako Gobernuak, berriz, finantza baliabideak jarri ditu sektorearen eskura, eta Italiak larrialdietarako funts bat sortu du ikus-entzunezkoen sektorerako, zinemarako eta aisialdirako, enpresa txiki eta ertainentzako Sozietateen gaineko Zergaren zama arintzeaz gain. Belgika, Portugal eta Danimarka ere oso aurretik doaz sektoreak dituen premiei erantzuteko orduan", argudiatu du Aizpuruak.

Sektorearen aldarrikapenak - Alerta Gorria

'Alerta Gorria' lelopean Estatuko 28 hiritan manifestazioak egin eta lau egunera erabaki du EH Bilduk sektorearen aldarrikapenak Kongresura eramatea, muturreko egoeran dagoen ekitaldi eta ikuskizunen sektorearen egoeraz ohartarazteko asmoz. Aizpuruak uste du "funtsezkoa" dela gremio baten arazoari eta eskaerei ikusgarritasuna ematea, "gaur-gaurkoz Estatuko BPGaren % 3,8 suposatzen baitu eta 700.000 lanposturen arduraduna baita". Aizpuruak salatu du bertan behera, atzeratuta edo antolatu gabe geratu den ekitaldi, jarduera edo manifestazio kultural bakoitzak "langabeziara bidaltzen dituela pertsona asko", jarduerari berriro ekiteko itxaropen gutxirekin. "Kulturarik gabe ez dago etorkizunik, ezta susperraldirik ere gizartearentzat", nabarmendu du.

EH Bilduren bozeramaileak ohartarazi duenez, kulturarena sektore "oso heterogeneoa eta zatikatua" da. Hori dela eta, larrialdi honen kudeaketan Kultura eta Kirol Ministerioak ez ezik, Lan, Industria, Turismo, Ekonomia eta Ogasun Ministerioek ere esku hartu beharko lukete adierazi du. "Gizarte osoari eragiten dion garrantzia handiko gai batez ari gara hizketan, eta erantzuna ere egoerak eskatzen duen tamainakoa izan beharko litzateke, ez zeharkakoa. Kulturarik gabe ez dagoelako garapen sozial eta ekonomikorik. Kulturaren erreskate plan bat gizarte osoaren hobekuntza plan bat delako", azpimarratu du Aizpuruak.