Albisteak

Larunbatean Bilboko kaleak betetzeko deia egin du EH Bilduk, Madrilen behingoz presoen auziari konponbidea emateko bultza egiteko


EH Bildu | 2020-01-09 15:49:00

EH Bilduk bat egiten du presoen eskubideen urraketekin amaitzea exijitzeko hurrengo larunbaterako Sarek Bilbon eta Baionan deitutako manifestazioekin. Ezkerreko indar subiranistaren ordezkaritza zabala izango da urteko Bilboko kaleak betetzen dituen mobilizazioan; besteak beste, bertan izango dira Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gasteizko parlamentuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentuko bozeramailea eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea.

Euskal presoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketekin behingoz amaitzeko eta beraien etxeratzearen auziaren konponbiderako unea dela uste du EH Bilduk. Zentzu horretan, sakabanaketa politikarekin eta mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitu beharra dagoela uste ezkerreko indar subiranistak. Era horretara, indarrean dagoen legedia ezartzeko eta eszepziozko neurri guztiekin amaitzeko garaia dela uste du. 2020. urtean, oraindik ere gaixotasun larriak dituzten presoak egotea, zigorraren hiru laurdenak dituzten presoak espetxeratuta izatea eta senitartekoei ehunka kilometro egitera behartzea zentzugabekeria dela azpimarratu du.

Madrilen eratu den gobernu berriarekin Espainiako Estatuan aukera-leiho bat irekitzen dela uste du EH Bilduk, presoen auziari konponbide emateko ere bai. Dena dela, jakitun gara Madrilek presoen auziari heltzeko eta konponbidea emateko bultzada behar dela Euskal Herritik. Gizarte eta herri aktibaziorako garaia da. Horrenbestez, presoen auzia behingoz konpontzeko Madrilen irekitzen den aukera-leihoa indartzeko Bilboko kaleak betetzeko deia egiten die euskal herritarrei ezkerreko indar subiranistak. Era berean, euskal presoen gaia konpontzeko erantzukizunez jokatzeko deia egiten dio EH Bilduk Frantziako Gobernuari.