AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-10-15

Ongizate Hitzarmenaz hausnartzeko eta ikuspegi feminista lantzeko elkartu dira, gaur, Gasteizen, Emakumeen Guneko kideak. Lan Eremuko emakumeen nazioarteko egunean, landa eremuko emakumeen enplegua defendatzeko neurriak aldarrikatu dituzte. Hemen Eva Lopez de Arroyabe Diputatu nagusirako Arabako hautagaiaren hitzartzea:

Landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna da gaur, eta EH Bildun ongizateaz hausnartzeko eta berau ikuspegi feministaz ezaugarritzeko elkartu gara. Argi daukagu ongizatea norberaren eta lurraren zaintzarekin zerikusia duela, eta horrek zerikusi handia du gaurko egunean ospatzen den egunarekin.

  • Landa eremua bizitoki: Hiriak gainpopulatzen eta landa eremua husten ari den honetan, ezinbestekoa da bizirik mantentzea gure herriak. Eta horretan ezinbesteko papela jokatzen dugu emakumeok. Bizitza zainduz, bizitza eginez. Instituzioek apustu egin behar dute hauek zerbitzuz hornitzeko.
  • Landa eremua lantoki: Nekazaritza eta abeltzantzaren bihotza dira gune hauek, eta emakumeek nabarmen egiten dute lan gertuko eta eskala txikiagoko proiektuetan. Elikadura burujabetzaren norabidean ezinbestekoa. Makroindustriaren ereduaren aurrean, kalitatezko lanaren eta produktuen alde egin behar da.
  • Landa eremua borroka gune: Borroka feministaren beste espazio bat dira hauek, emakumeok lurraren jabetzan modu desparekoan aurkitzen jarraitzen garelako, ikusezintasunari aurre egin behar zaiolako…

Arabako Diputazioko hautagai moduan, Batzar Nagusietako kide eta legebiltzarkide moduan zein nire eguneroko bizitzan egin bezala, erdigunean kokatuko ditugu elikadura burujabetza, lurraren defentsa eta emakumeen parte hartzea sustatzen duten politikak. Ongizatea txikitik, gertutik… eraikitzen delako, landa eremuaren eta bereziki landa eremuko emakumeen lana babesteko neurriak aldarrikatzen ditugu gaurko egunean.

Hori da gaurko egunean egiten ari garen ariketa. Ongizate hitzarmena aurkeztu genuen pasa den astean, eta honek emakumeon bizitzetan nola eragiten duen aztertzen ari gara. Hasteko eta behin, ongizatea bera berraztertuz. Betiko parametroetan kokatu ordez, lurrari, bizitzari, egunerokotasunari… aberastasunaren banaketari beste begi batzuetatik begiratu behar diogula argi baitugu. Ekonomia feministak tresnak eskaini dizkigu eta horiek baliatuta egin behar dugu lan. Bestela, beti bezala, betikoei begirako proposamenak egingo ditugu soilik.  Hemendik ere, ongizate hitzarmena ere osatuko duten proposamenekin aterako gara, emakumeon bizi baldintzak berehala hobetu ditzaketen proposamenekin.

Aurrera egingo badugu, feminismoaren tresna eta proposamenetatik egin behar dugula argi daukagu EH Bildun. Krisialdiaren ondorioak betikoek ordaindu ez dezaten, margenetan nahi dituzten horiek erdigunera eramatea gure ardura da, dagoeneko egiten ari diren lana balorean jartzea, eta gaurkoan, bereziki landa eremuko emakumeak erdigunera ekarri nahi ditugu. Horregatik azaroaren 12an Bilbon antolatu dugun manifestazioan ere parte hartzeko deialdia egiten diegu, soilik guztion artean lortuko dugulako herri hau irabaztea. Bakoitzak bere esparrutik, baina denok norabide berean, aske eta berdinen Euskal Herri bat dugu irabazteko.

Azaroaren 12an denok Bilbora, feministok ere izan gaitezen Euskal Olatu Geldiezinaren parte.

Feministok ere ABANTE!