Albisteak

LABIak atzo hartutako erabakiak eta Urkulluk zabaldutako mezua “arduragabekeria” direla uste du EH Bilduk


EH Bildu | 2020-12-10 17:10:00

EH Bilduk bere kezka adierazten du LABIak atzo hartutako neurriekin eta Urkullu lehendakariak jendarteratutako mezuekin. Arduragabekeri bat da egoera honetan, ditugun datuekin, horrelako erabakiak hartzea. Pandemiari aurre egiteko, epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartu behar dira, eta LABIak epe motzekoan egoten jarraitzen du.

Berriro ere birusari aurre egiteko erantzukizuna herritarron bizkar utzi dela nabarmendu du EH Bilduk. Berriro ere osasunaren aurretik irizpide kontsumistak jarri dira. Urkulluk zuhurtzia eskatu badu ere, ez da zuhurtziaz gestionatzen ari pandemia.

Ekaineko deseskaladako datuak oraingoak baino askoz hobeak zirela gogorat du EH Bilduk. Baina ospitaleratze eta heriotze tasak oso altuak izaten ari diren unean erabaki dute berriro lausotzea hainbat neurri.

Herritarren ongizateaz hitz egiten ari dira, baina berriro ere kontsumoa da lehenesten ari dena nabarmendu du EH Bilduk. Kontsumo zirkuitu hauetatik kanpo utzi ditu berriro ere Urkullluk erresidentzietako egoiliarrak (bisitak gabonetan bakarrik bermatu zaizkielako), adinez txikoak (kirola egiteko debekua mantenduz), autonomoak (iragarri ziren laguntzak jaso beharrean, dirurik ez dagoela dioen gutuna igorri baitzaie), egoera zaurgarrian geratu diren pertsona eta enpresak, oso nekatuak dauden osasun eta zaintza eremuko profesionalak.

Bestetik, lurralde historikoan zehar mugitzeko debekua altxa bada ere, mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna debekatu da hainbat kasutan. Eta mugikortasun publikoaren masifikazioa ekiditeko neurriak hartu gabe jarraitzen dela uste du EH Bilduk. Ostalaritza larunbatetik aitzin irekiko omen da, baina noiz etorriko zaien ixteko agindua jakin gabe, kutsatze tasak markatuko baitie egunerokoa.

Urkulluren gestio eskasa oso larria dela uste du EH Bilduk. Iragarri berri dituen neurri hauekin, eta egungo ospitaleratze zein heriotza tasak mahai gainean ditugula, zoritxarrez hirugarren olatu askoz ere bortitzago bat eman ez dadin baldintzak ez direlako ezarriak izan.

Horregatik, EH Bildutik berriro dio pandemiari aurre egiteko estrategia sendo bat behar dugula, jendea eta ekonomia babestuko dituena. Horretarako ostalari, dendari eta autonomoei zuzendutako baliabide ekonomikoak aktibatu behar direla dio, erresidentzietako sistema errebisatu eta humanizatu behar dela, lehen arreta eta osasun zein zaintza sistema kolapsotik urrundu eta langileen zein hartzaileen baldintzak duintzeko kontratazioak aktibatu behar direla. Baina, batez ere, inprobisazioaren bidetik eta uneko interes ekonomikoei erantzun beharrean, estrategia sendo baten baitan guztion bizitzan babesteko neurri sendoak hartu behar direla nabarmendu du.