AKTUALITATEA

| 2021-11-18

Maddalen Iriarteri elkarrizketa egin diote gaur Euskadi Irratiko "Boulevard" saioan. Bertan, beste hainbat gaien artean, EAEko aurrekontuen inguruan mintzatu da EH Bilduko Eusko Legebiltzarkideko bozeramailea:

Aztertzen ari gara Jaurlaritzak egindako proposamena, guk hau sakon eta zorrotz aztertu behar dugu eta astelehenean mahai politikoan eztabaidatu eta erabaki bat hartu egingo dugu.

6 konpromiso eta 6 inbertsio eskaera egin ditugu, Aspiazuk lau onartu dituela dio, baina guri ez zaigu horrela iruditzen. Bakarra baino ez digute onartu, gutxieneko soldatari buruzkoa, hain zuzen ere.

Datozen urteetan nola finantzatuko garen pentsatu behar dugu, erronka handiak ditugu aurretik eta horiei bai ala bai heldu beharra diogu. Ez dugu uste zerga politika eztabaida politikotik kanpo aztertu behar den gai bat denik.

Hemen badaude eskumenak eta erabili daitezke benetako aurrerapausoak emateko. Jaurlaritzaren proposamena guk mahai gainean jarritako akordioetatik urruti geratu dela deritzogu, aztertzen ari gara eta borondate guztia dugu konpromiso horiek aztertzeko. Akordioak premiazkoak direla deritzogu eta horiek erdiesteko prest egongo gara beti.

Niri iruditzen zaidana da, EH Bilduk esaten zuen bezala aurrekontu hau asko hobetu daitekeeal eta Jaurlaritzak egindako proposamenak ere hori frogatzen du. Hemen hobetzeko tarte handia dago, Osakidetzarako esaterako, 30 milioi gehiago jarri zitezkeen eta Jaurlaritzaren oraingo proposamenak hori jartzen du mahai gainean ez? Badago tartea, badaude aukerak: Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuetan hutsune nabariak daude eta aurretik ere egin zitzakeen apustuak eta hobekuntzak egiteko tartea duela jarri dugu mahai gainean.

Une honetan guk planteatu dugunetik, haiek proposatutakoa koxka bat beherago dago. Hala ere uste dugu akordio politikoak beharrezkoak direla eta ezohiko egoeretan ezohiko erantzunak eman behar direla. Orain ezin bada, jarraituko dugu jarrera irekiarekin eta akordiorako prest lan egiten.