Albisteak

Iriartek Lakuari eskatu dio udalen zorpetzeaz EH Bilduk PSOE eta Podemosekin sinatutako akordioa garatzeko Batzorde Mistoan


Maddalen Iriartek gogora ekarri du Gobernu espainolak maiatzean onartu zuela EAEko udal eta aldundiek gastu gaitasun handiagoa izango dutela pandemiaren aurkako politika publikoak finantzatzeko. “Akordio hori indarrean dago eta, beraz, Batzorde Mistoak zenbakiak ipini behar dizkio maiatzean adostu genuen horri, hori da Jaurlaritzak egin behar duena”.

EH Bildu | 2020-09-25 11:43:00

EH Bilduk PSOE eta Podemosekin adostu zuen maiatzaren 20an Madrilen, Ogasun Ministerioaren oniritziarekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta aldundiek, bai eta erakunde autonomikoek ere, zorpetzeko gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dutela, euren finantza egoeraren arabera, koronabirusaren ondorioak arintzeko politika publikoak martxan jartzeko. Akordio hura, azaldu du gaur Maddalen Iriartek, “indarrean dago” eta, beraz, datorren asteazkenean biltzekoa den Kontzertuaren Batzorde Mistoan “hori ez da berriz eztabaidatu eta negoziatu behar, ez da hori Batzorde Mistoan Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk egin behar duena”.
Horren haritik, EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du Batzorde Mistoak “maiatzean adostu genuen horri zenbaki eta portzentaje zehatzak” ipini behar dizkiola. “Hori izango da asteazkenean batzorde horren zeregina. Jaurlaritzak, Aldundiek eta Gobernu espainolak aldundien eta udalen zorpetze maila zehaztu beharko dute, betiere erakunde horien egoera ekonomikoaren arabera”.
Hori dela eta, Iriartek Jaurlaritzari eskari zehatza eta argia egin dio; alegia, “EH Bilduk, PSOEk eta Podemosek maiatzean sinatu genuen akordioa gauzatu dezala Batzorde Mistoan, zenbakiak eta ehunekoak ipini diezazkiola PSOEk eta Podemosek, Ogasun Ministerioaren oniritziarekin, gurekin hartutako konpromisoari, praktikara eramateko”.
Iriartek erantsi du Lakuako Gobernuak “EH Bilduren babes osoa” izango duela zeregin horretan, “helburu komuna dugulako: udalek eta aldundiek ahalik eta gaitasun ekonomiko handiena eduki dezatela une honetan behar diren politika publikoak egiteko”. Zentzu horretan, EH Bilduko bozeramaileak berretsi du Batzorde Mistoa bezalako organoetan “herri gisa jokatu behar dugula, Madrilera joan aurretik, hemen adostu beharko genukeela zertara goazen, horrela eginez gero, indar handiagoa izango dugulako han”.