Adostasuna ia erabatekoa izan da Legebiltzarrean, PP eta Vox salbu, eta indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua galarazteko EH Bilduk aurkeztutako proposamenaren tramitazioak aurrera egin du lege bihurtzeko. Zehazki, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia-harremanei buruzko legea aldatzea ekarriko du koalizioaren ekimenak eta, hala, proposamenaren arabera, “gurasoetako batek, indarkeria matxistagatik prozedimendu judizial bat irekita baldin badu, ondoriozko neurriak hartu edo ez, ez du zaintza partekaturako eskubiderik izango”.
Oihana Etxebarrietak gogora ekarri duenez, lege proposamen honen tramitazioa pasa den legealdian hasi zen, baina hauteskundeak aurreratzeak tramitazioa etetea ekarri zuen; gaurtik aurrera, ordea, Legebiltzarrak berriz ekingo dio. Izan ere, “indarkeria matxistaren aurrean ezinbestekoa da eremu guztietako konpromisoa eta ezinbestekoa da, halaber, ordenamendu juridiko instituzionala etengabe behatzen egotea; gaur tramitera onartu den gure proposamena norabide horretan doa. Proposatzen dugun legeak igualitarismoz sortutako lege bat gainditzen du, ezberdintasunak eta botere harremanak aintzat hartuta, zaintza partekatu derrigorrezkoak ezberdinkerian oinarritutako botere harremanetan sakontzen baitu”.
Legeak emakumeak ez ezik, haurrak ere babestu behar dituela nabarmendu du EH Bilduko legebiltzarkideak, haurrak ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak direlako. Adierazi duenez, “haien interes gorena beste edozein arauren gainetik” jarri behar da. Ildo horri jarraituz, behar-beharrezkotzat jo du zaintza partekatua ukatzea indarkeria matxistagatik prozedimendu judizial bat irekita duten gurasoei, eta ohartarazi du orain guraso horiei oso gutxitan debekatzen zaiela, kautelazko neurri gisa, seme-alabekin komunikatzea. “EAEn 2018an 5.640 salaketa jarri ziren, eta soilik 458 komunikatze debeku ezarri ziren behin-behinean; kasuen %10era ere ez da heltzen behin-behineko suspentsio hori. Nola da posible tartean seme-alabak dituzten beste kasu guztiei hauekin komunikatzen jarraitzeko eskubidea ematea? Haurrak indarkeria iraunarazteko erabili izan dira kasu askotan eta, gainera, neurri kautelar hauek jartzea eskatzen ari gara jakinda salaketa faltsuen mitoa horixe besterik ez dela, mito bat, ikerketek argi diotelako kasuen 0,079an soilik ematen direla salaketa faltsuak. Eta datu anekdotiko horretan oinarrituta, beste %99,93a utziko dugu babes gabe?”.
Espainiako Estatuko funtzionarioek egindako urraketen kasuan, beste alde batera begiratzen du, zigorgabetasunez jokatzen du eta torturatzaileak estaltzen ditu
EH Bilduk akordio-proposamen integrala helarazi dio Jaurlaritzari, aurrekontua, Europako Funtsak eta Finantza Publikoak barne hartzen dituena. Proposamenak 429 milioiko inpaktua du aurrekontuan, baliabideak egonda, inork ez lukeelako ulertuko egungo krisiak eskatzen dituen neurriak hartzeari uko egitea.