AKTUALITATEA

| 2019-05-21

Bea Ilardiak merkataritza txikia babestearen garrantzia azpimarratu du gaur goizean Getxon eta, helburu horrekin, “saltoki handiak ireki edota handitzeko proiektuei moratoria ezartzea” proposatu du. EAJk arlo horretan egin dituen politikak hizpide, EH Bilduren ahaldungai nagusiak ohartarazi du instituzioen diskurtsoak ez datozela bat euren praktika politikoekin. “Ez da nahikoa merkatari txikien alde daudela esatea horren ostean saltoki handiei alfonbra gorria jartzen baldin badiete, modu horretan denda txikiak egoera limite batera, porrotera, eramaten ari direlako, haiek ezin direlako saltoki handiekin lehiatu”.

Hori dela eta, Ilardiak azken urteotako politikak kritikatu ditu, xede nagusia saltoki handiei erraztasun guztiak ematea izan delako, Getxon bertan oso ondo ezagutzen duten politika, inguruan, oso gertu, “azalera handiko hiru saltoki” daudelako.

EH Bilduk, berriz, bestelako politikak proposatzen ditu, merkataritza txikia babestea helburu. Hala, Ilardiak azaldu duenez, “merkatari txikiekin akordio batera heldu eta elkarlana sustatu behar dugu euren jarduera ekonomikoa sustatzeko”. Bere esanetan, “ezin dugu merkataritza txikia galdu, herri eta hiri biziak nahi ditugulako, eta hori komertzio txikiek bermatzen dute. Ez dugu ahaztu behar komertzio txikirik ez daukan herri edo hiri batek ez daukala bizirik eta, horretaz gain, komertzio txikiak gure kaleei bizia eman eta seguruago bihurtzen dituzte”.

Ilardia ez ezik, Nerea Guijarrubia alkategaia eta Iker Casanova legebiltzarkidea ere izan dira Getxon. Hain justu azken honek hemendik gutxira onartuko den lege bat sustatu du Gasteizko Legebiltzarrean saltoki handiei muga zorrotzak jartzeko. “Gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago saltoki handiak irekitzeko edo handitzeko mugarik, baina ez legalki ezinezkoa delako, interes orokorra lehenestearren, baizik eta EAJ-PSE Gobernuak merkataritza txikia babesteko behar ziren urratsak eman ez dituelako. Ez da batere onargarria instituzioek mota guztietako abantailak eta erraztasunak ematea konpainia handiei merkatari txikien kaltetan, horrek ehunka dendaren etorkizuna arriskuan jartzen duelako”.