Albisteak

Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute EH Bilduk eta EH Baik


EH Bildu | 2020-09-05 14:42:00

Igor Gonzalez Sola euskal presoa Martuteneko espetxean hil izana salatzeko bihar igandean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dute euskal jendartea EH Bilduk eta EH Baik. Bilbon eta Baionan egingo dira mobilizazioak bihar, eguerdiko 12:00etan. Manifestazioa egingo da Bilbon, plaza Eliptikotik abiatuta eta Sarek deituta; Baionan, berriz, elkarretaratzea egingo da, Bakegileek deituta, Espainiako kontsulatuaren aurrean.

Mobilizazioetan parte hartzeko garrantzia azpimarratu dute EH Bilduk eta EH Baik, berriro ere agerian uzteko gure herrian gehiengoa dela bestelako espetxe politika bat aldarrikatzen diona Espainiako Estatuari, mendekuan oinarritzen ez dena, eta Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza ankerrak saihestuko dituena. 9 urte dira ETAk behin betirako su-etena aldarrikatu zuenetik eta 2 urte baino gehiago erakundea desagertu zenetik; horrelako egoera batean oraindik ere mendekuan oinarritutako espetxe politika mantentzea onartezina da.

Horrenbestez, Gonzalez Sola euskal presoa espetxean hil izana salatzeko, Espainiako Estatuari bere espetxe politika premiaz eta behingoz aldatzea exijitzeko eta Gonzalez Solaren senideei eta lagunei elkartasuna eta babesa agertzeko, Bilbon eta Baionan bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dute EH Bilduk eta EH Baik. Frantses eta Espainiar gobernuek gure nahia entzun behar dute. Euskal iheslarien eta presoen itzuleraren perspektibari bide eman behar diote. Bi estatuen mespretxuaren parean, herritarren mobilizazioa antolatu behar dugu. Gatazkaren konponbide integrala, Euskal Herritar guzien parte hartzearekin lortuko dugu. Kartzelak husteko garaia da!