AKTUALITATEA

| 2021-10-28

EH Bilduren iritziz, larria eta onartezina da gaur Legebiltzarrean gertatu dena Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren lege aldaketa bozkatzen ari zenean. Puntu horretan EAJk, PSEk eta PPk adostutako erreformaren artikuluak bozkatzen ari zirela, talde horiek okertu dira eta kontrako botoa eman dute, erreforma bera bertan behera utzita, beraz. Ez da horrelakorik Legebiltzarrean gertatzen den lehen aldia, baina aurrekoetan ez bezala, Bakartxo Tejeriak, botazioa ontzat eman beharrean, errepikatzeko agindu du, jazotakoa “EAJ eta PSEren interesen kontrakoa zelako”, Nerea Kortajarenak adierazi duenez. “Bere karguari dagokion inpartzialtasuna urratzea” leporatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Parlamentuko presidenteari, “arau parlamentarioen aurkako erabakia hartu baitu, oso larria den partzialtasun ariketa alderdikoi bat, jauntxokeria hutsa, inondik inora paserik ez duena”.

Kortajarenak ohartarazi du EH Bilduk ez duela “Legebiltzarrari tamaina honetako errespeto falta egiterik onartuko”. Hala, gaurko bilkuraren aktan haren desadostasuna jasotzeko eskatzeaz gain, koalizioak botazioaren errepikapena baliogabetzeko eskatuko dio Parlamentuko Mahaiari, bai eta gertatutakoari buruzko txosten juridiko bat ere. “Hau guztia argitu bitartean ezin da ontzat eman Herri Kontuen Euskal Epaitegien Legearen aldaketa onartu denik”.

Kortajarenak erantsi du gaurkoa bezalako akatsak beste batzuetan ere gertatu direla botazioetan, eta 2013an berak ezarri zuen irizpidea apurtzea egotzi dio Bakartxo Tejeriari, bere interes politiko alderdikoiagatik. Izan ere, 2013ko otsailean, gaurkoa bezalako kasu batean, Tejeriak berak argi utzi zuen botazioak ez zirela errepikatuko, “botoan errakuntzarik izanez gero, legebiltzarkide bakoitzak bizkarreratu behar duelako bere errakuntzaren erantzukizuna”.

EAJ, PSE eta PPk adostutako lege aldaketak ez ditu organo horren independentzia, gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko eta ate birakariak betikotzen ditu.

EAJk, PSEk eta PPk adostu duten lege aldaketaren edukiari dagokionez, EH Bildu kontra agertu da alderdi horien arteko akordioak ez dielako erantzuten koalizioak jatorrizko proposamena aurkeztu zuenean zeuzkan helburuei. Josu Estarronak adierazi duenez, gobernukideek PPrekin hitzartu duten aldaketak ez ditu Kontuen Epaitegiaren independentzia, gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko, duela sei urte Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusi ohia organo horretako buru izendatzea ahalbidetu zuten ate birakariak betikotzen ditu. Estarronaren esanetan, “higiene demokratikoaren aurkako akordio bat da,  kromo aldaketa bat”, EAJ, PSE eta PPren asmoa Epaitegiko postuak haien artean banatzea baita, Legebiltzarreko proportzionaltasuna aintzat hartu gabe.

Estarronak gogora ekarri du EH Bilduk duela sei urte Kontuen Epaitegiaren Legea aldatzea proposatu zuela etorkizunean Jose Luis Bilbaorena bezalako kasuak galarazteko, onartezina delako 12 urtez aldundi bateko burua izatea eta egun batetik bestera aldundi horren kontuak kontrolatu eta fiskalizatzera pasatzea, horrek halako organo batean bermatu beharreko independentzia eta objektibotasuna hankaz gora jartzen dituelako. EAJk, PSEk eta PPk adostutako lege aldaketak, baina, ate birakari horiek ahalbidetu eta Bilbaorena bezalako kasuak errepikatzeko aukera ematen ditu.

Lege aldaketaren tramitazioan parte hartu duten adituek Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak aukeratzeko sistemaren desegokitasunaz ohartarazi dute, baina EAJk, PSEk eta PPk adostu dutenak sistema horren muinari eusten dio, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Gizarteak gero eta neurri gehiago, irmotasun handiagoa, erabateko gardentasuna eta guztion diruaren eta baliabideen kudeaketa zorrotza eskatzen dituen honetan makillaje bat egin diote legeari, zeozer aldatuko delako itxura emanez baina oinarrian ezer aldatu gabe, lege aldaketa honek batzuek betikoa egiten jarraitzeko aukera ematen duelako”.