Albisteak

Gobernu indar gisa sendotzeko helburua ezarrita abiatuko du bere II. Kongresua EH Bilduk hurrengo larunbatean


EH Bildu | 2021-01-11 12:40:00

Agerraldia egin dute Garikoitz Mujika zuzendari nagusiak eta Onintze Oleaga udal politikako arduradunak, EH Bilduren II. Kongresuaren aurkezpena egin eta helburuak zehazteko. Hemen dituzue erabilitako testuak:

Garikoitz Mujika:

Gaur aurkeztuko dugu jendaurrean larunbat honetan egingo dugun Batzar Nagusiarekin hasi eta maiatzean amaituko den kongresu prozesua. Kongresu hau pandemiak markatutako testuinguru batean egingo da, egungo sistemak horrelako egoerei aurre egiteko dituen ezintasunak agerian utzi dituena eta, aldi berean, Euskal Herriak Herri bezalako erabaki subiranoak hartu ahal izateko tresna propioak behar dituela erakutsi duena. Era berean, Kongresu hau EH Bilduren hamargarren urteurrenean egingo da. Mugarri garrantzitsua da, eta datozen hilabeteetan izango du protagonismoa

Beraz, datozen hilabeteetan, EH bilduko militantzia zeregin bikoitzean murgilduta egongo da: alde batetik, lan instituzional eta sozialaren esparru ezberdinetan jarduera politiko bizia garatzea, pandemiaren ondorioak gizarte sektore ahulenen bizkarrean erortzea eragozteko, eta, bestetik, erakunde honek gobernu indar bat izateko eman behar dituen urratsei buruz eztabaidatzea. Kongresu honetan, duela lau urte ezarri genuen norabide politikoan sakontzeaz gain, eta horretarako beharrezkoak diren antolakuntza-egokitzapenak egiteaz gain, militantziak hartzen dituen erabakiak inplementatu behar dituen zuzendaritza aukeratuko dugu berriro. Horri dagokionez, 2017ko sorrera-kongresuan hartutako erabakiak hirutan laburbil daitezkeela gogoratu behar da:

A) Subjektu politiko propioa, koalizio-forma, alderdi-egiturak eta mugimendu-bokazioa dituena

B) Indar politiko bat, zeinaren jarduera-eremuak erakundeak eta gizartea diren, oro har.

C) Zuzendaritza bat sortzea, ekintza politikoa, instituzionala, gizarte-arloko alternatiba eta eragile mobilizatzaile gisa garatzeko.

Eta Kongresu honen helburu nagusia, hain zuzen ere, etorkizunari begiratzea da, etorkizunari begira jartzea: hamar urteko ibilbide honek bultzada ematen digu datorren hamarkadako erronken aurrean jarrera hartzeko, bai barruan, bai, batez ere, kanpoan. 'Hamar urte baino ez ', horixe da kongresu honetarako aukeratu dugun leloa. Izan ere, aurten hamar urte betetzen dira Bildu 2011n hauteskundeetara aurkeztu zenetik. Hamar urte hauetan erditetsitako lorpen guztiak balioetsiko ditugu, horiek baitira hurrengo hamarkadara begira kokatzen gaituen oinarri nagusia. Gure herriko bizitza politikoan are erabakigarriagoak eta protagonistagoak izateko bultzada hartuko dugu. Eta are gehiago munduan eta gure herrian jasaten ari garen egiturazko krisien aurrean gertatzen ari diren aldaketa sakon eta handiei begira, pandemia horren erakusgarri besterik ez baita. Esan dugun bezala, kongresu-prozesua larunbat honetan egingo dugun Batzar Nagusiarekin hasiko da, eta maiatzean amaituko da.

Kongresu honetan, alde batetik, apustu argia eta irmoa egin nahi dugu aurreko Kongresuan hartutako erabakiak sakontzen eta garatzen jarraitzeko. Bertan, erabateko subiranotasuna lortu genuen, EH Bildu osatzen duten alderdiez harago, eta, era berean, haien plano politikoa eta antolamenduzkoa sendotu genuen. Gobernu-indar izateko asmoak, eskumenak eta gaitasunak dituen indar politiko gisa ez ezik, palanka eta tresna gisa ere aurkezten gara, herrialde honi gure proiektu politikoa lortzeko bitartekoak eta bideak emateko, hau da, Euskal Errepublika sortzeko. Horretarako, Kongresu hau gertakari politikoa izatea nahi dugu, batez ere gure komunitatean. Zorionez, eta ehunka militanteren eguneroko lan politikoari esker, EH Bilduren proiektua gero eta pertsona gehiagok partekatzen dute, eta benetako alternatiba politiko garela eta gure herriko bizitza politikoan lehen mailako subjektu politiko garela sentitzen eta aitortzen dute.

Ekitaldi organikoak, zehazki, lau mugarritan banatzen dira: larunbateko batzar orokorrean Kongresuko Berme Batzordea aukeratuko da eta Kongresuko Araudia onartuko da; otsailekoan, berriz, balantze politikoa eta antolaketakoa aurkeztuko dira, baita txosten politikoak eta antolakuntzakoak ere. Hortik aurrera, eztabaidarako eta zuzenketa-proposamenak egiteko epea hasten da, eta horri buruzko bozketak egiteko epea apirileko batzar orokorrean amaituko da. Bertan, txosten politiko eta antolamenduzkoak bozkatuko dira, ekarpenekin hobetuak – jarraitu beharreko norabidea –, bai eta aurrera egin duten zuzenketak berak ere; azkenik, eta laugarren aldi baterako, maiatzeko batzarra izango da, Bildu legeztatu zuteneko hamargarren urteurrenean. Bertan aukeratuko da EH Bilduko zuzendaritza politiko berria eratzeko agindua izango duen taldea.

Beraz, Kongresu honetan balioan jarri nahi ditugu hamar urteko bide hori, proiektatzeko eta hurrengo hamarkadara egokitzeko, eta, batez ere, Herri gisa eta Euskal Errepublika lortu nahi duen erakunde gisa ditugun erronka estruktural eta estrategikoetara egokitzeko

Onintze Oleaga:

Garikoitz Mujikak esan bezala, gure bigarren kongresua baliatu nahi dugu nondik gatozen eta zer egin nahi dugun adierazteko. Jauzi bat egiteko erabili nahi dugu kongresua, azken boladan izan dugun hazteko joera indartzeko. Horretarako, baina, beharrezkoa dugu gure proiektuarekin bat egiten duten milaka herritarren parte-hartzea eta ekarpena.

Bilkideek hainbat baliabide izango dituzte eskura EH Bilduren bigarren kongresuan parte hartzeko:

    • Plataforma: elkarrekin.ehbildu.eus. Orain arte, EH Bilduko inskribatuek erabili duten tresna digitala da. Kongresurako moldatu eta aberastu egingo dugu, bilkideek informazio gehiago eta erabilterrazagoa egiteko.

    • Herri Batzarrak. Pandemiak eta horren ondorioek eragin zuena izango dute herri batzarrak deitu eta antolatzerako orduan, baina aurrez aurreko harreman eta iritzi eta informazio truke hori gure izaerako parte hat da.

    • Horrenbestez, kongresurarekin lotutako dokumentazioa eta informazioa plataforma digitalaren bitatez eta herri batzarren bitartez jaso ahal izango dituzte bilkideek.

EH Bilduren bigarren kongresua urtarrilaren 16an egingo dugun ohiko batzar nazionalarekin abiatuko da. Modu telematikoan egingo dugu, pandemiaren ondorioz. Batzarrerako izena emateko eta bertan parte hartzeko material guztia elkarrekin.ehbildu.eus plataforma digitalean eskuratu daiteke. Kongresurako araudiaren bozketa eta Berme Batzordearen aukeraketa izango dira Kongresura begira larunbatean egingo ditugun lanak. Horrekin kongresu-prozesua abian jartzen dugula esan daiteke.

Esan bezala, EH Bilduk beste jauzi bat emateko eta hazten jarraitzeko erabili nahi dugu gure bigarren kongresua. Horrenbestez, garrantzitsua da proiektu honekin bat egiten duten herritarrek abian jartzen dugun prozesuaren garrantzia eta esanahia ulertzea eta bere egitea. Gainera, kongresu honek berrikuntza bat dakar berarekin. Orain arte, elkarrekin.ehbildu.eus plataforman izena emanda egotea nahikoa zen EH Bilduren erabakiguneetan parte hartzeko. Kongresurako, berriz, bilkide izatea, afiliatua izatea, ezinbestekoa da. www.ehbildu.eus webgunean edota gure plataforma digitalean bilkide egitera animatzen ditugu gure proiektuarekin bat egiten duten herritar guztiak. Animatu eta parte hartu!