Albisteak

Gaurko atxiloketekin Estatu sakonak eztabaida politikoa baldintzatu nahi duela salatu du EH Bilduk


EH Bildu | 2020-10-05 13:26:00

EH Bilduk Ekhiñe Eizagirreren, Kepa Arkauzen eta Imanol Jaioren atxiloketak salatu ditu, garaiz eta lekuz kanpo daudela uste dutelako eta Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen ez dutelako. ETA erakundeak indarkeria erabiltzeari uko egin zionetik ia 10 urte igaro direnean ete ETA desagertu zenetik ia bi urte bete direnean, gaurko atxiloketek ez dute laguntzen bizikidetza demokratikoa eraikitzen eta herri honetako gehiengo sozial eta politikoak eskatzen duen bake integrala eta behin betikoa lortzen.

Era berean, Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak egindako atxiloketen testuinguru politikoa azpimarratu nahi du EH Bilduk. Zentzu horretan, ezker subiranistak azpimarratu du gaurko atxiloketen bidez eztabaida politikoa baldintzatzeko eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea saihesteko borondatearekin egin dituela atxiloketa horiek Estatu sakonak. Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan Euskal Herrian egin daitekeen edozein aurrera pauso baldintzatzeko asmoa dute gaurko atxiloketek. Zoritxarrez, gure herrian ondo ezagutzen ditugu Estatu sakonaren jokatzeko modu hauek. Preso politikoak aske uztea elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzaren beste urrats bat da. Espetxeak husteko unea da, ez betetzekoa. Bakea eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko garaia da. Estatuak gure herriaren aurka indarkeria erabiltzeari uko egiteko garaia da.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk dei egiten dio bizikidetza demokratikoan oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera egin nahi duen euskal gizarteari Eizagirreren eta Arkauzen atxiloketak salatzeko. Ildo horretan, azpimarratu du etengabe lan egiten jarraituko duela beharrezkoa den esparru guztietan, behingoz bake integrala eta osoa eta bizikidetza demokratikoa errealitate izan daitezen herri honetan.