Albisteak

Europako funtsetatik eratorritako diruaren %30 udaletara bideratu behar dela eta prozesua gardena izatea eskatu dute EH Bilduko alkateek


EH Bildu | 2020-12-11 12:57:00

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Eudeleko lehendakariordeak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Eudeleko zuzendaritzako kideak agerraldia egin dute, Europako funtsen inguruko jarrera azaltzeko:

XABIER LERTXUNDI:

Egun on eta eskerrik asko etorri zaretenoi eta baita streaming bidez jarraitzen ari zaretenoi ere.

Gaur hona etorri gara Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea eta Eudeleko zuzendaritzako kidea, eta Nagore Alkorta, Azpeitiako alkate eta Eudeleko lehendakariordea, Europar “next generation” berreskuratze eta erresilientzia mekanismoaren kudeaketarako Hego Euskal Herriko udaletatik egiten dugun proposamenaren berri emateko.

Dakizuen bezala, “next generation” europar funtsek helburu zehatz batzuk dituzte: osasun publikoan inbertsioak egitea, trantsizio digitalari aurre egitea eta emergentzia klimatikoaren arazo larriari erantzutea.

Gure udalerriek urteak daramatzate ingurumen ikuspegitik lanean, datozkigun erronka handiei erantzukizunez eta kudeaketa eraginkorrez eusten diegula agerian geratu da berriki, COVID19ak eragin dituen ondorioei aurrea hartu eta gure herrietako pertsona, enpresa zein elkarteen babeserako bitartekoak aktibatu eta kudeatzen aritu garenean; erantzukizun kolektibotik, pertsonen beharrei erantzuteko gestio eredutik.

Gu dagoeneko gure herriei lotutako garapen maila desberdinean dauden 400 proiektu inguru identifikatu ditugu. Askotariko proiektuak dira, herrien izaera eta egoera kontuan hartuta proposatzen baititugu. Baina guztiek printzipio rektore komunak dituzte hizpide: Ikuspuntu feminista, “naturari kalterik ez” printzipioa, enplegu duinaren bultzada eta “inbertsio publikoak, etekin publikoak” printzipioa.

Gainera, elkarlanaren irizpideak kontuan hartzearekin, tokiko erakundeetatik 12 ardatzetan multzokatzen diren 400 proposamen identifikatu ditugu, gure herriak, gure herritarrak zuzenean eragingo dituenak.

1. Energia berriztagarrien garapenerako proiektuak.

2. Efizientzia energetikorako proiektuak.

3. Mugikortasun elektrikoa sustatu eta gauzatzeko proiektuak.

4. Ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuak.

5. Hirietako parke periurbanoak osatzeko proiektuak.

6. Industrialde eta lantegi kutsatuetako eraberritzerako proiektuak.

7. 1960-1970 hamarkadetako auzoen eraberritze proiektuak.

8. Hustutze bidean dauden eskualdeak biziberritzeko proiektuak.

9. Ur hornidura eta arazketa proiektuak.

10. Klima aldaketari eta biodibertsitate galerari aurre egiteko proiektuak.

11. Elikadura politikei lotutako proiektuak.

12. Digitalizazioarekin lotutako proiektuak.

 

NAGORE ALKORTA:

Gure herrien eta berau osatzen duten herritarren babesak behar duenez izan erakundeon lehen eta azken interesa, “Next Generation EU” suspertze-planen lanketan, tokiko erakundeak, udalak, protagonista izan behar dutela argi dugu EH Bildutik. Eta horretarako, haien lanketa egingo den Foro eta guneetan udaletako ordezkaritza anitz batek parte hartu behar duela. Horregatik, Europako Funtsen %30 tokiko erakundeek aurkeztutako proiektuak finantzatzera jarri behar direla proposatzen baitugu. Udalak ere parte zuzena izan behar dira gure herriaren hurrengo hamarkadak baldintzatuko dituzten etorkizunaren eraikuntzan.

Proiektu hauen finantziazioa partekatua izan beharko da, Europatik iritsiko diren funtsen bidez baina Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta tokiko erakundeen bidez ere bai.

Erronka handi horiei aurre egiteko, ezinbestekoa da erakundee arteko elkarlana, eta zer esanik ez udalen parte hartze zuzena baita erabakiguneetan ere. Horretarako, Funtsen lanketa egin eta hartuko diren erabakiguneetako Foro eta espazioetan udalen ordezkaritza zabalak ere egon behar du.

Behar-beharrezkoa da, eta orain arte erabakigune horien inguruan egon den gardentasun faltak kezkatzen gaitu. Atzo salatu genuen moduan, EAJk ez ditu bete Eudelen eta euskal udal eta herritarren aniztasuna bermatzeko erakundearen zuzendaritzan hartutako erabakiak. Europako funtsen inguruko erabakiguneetan udalen aniztasuna errespetatzeko eta ikuspuntu desberdinak kontuan hartzeko, bileretara Eudeleko presidentea eta bi presidenteordeak joatea adostu zen. Baina akordio hori ez da bete. Eta ezin dugu ahaztu funtsen banaketarako eragileen arteko parte-hartze prozesuak abian jartzea ezinbestekotzat jo zuela Europako Batasunak berak.

Europako funtsen bidez aukera-lehio bat irekitzen zaigu herri honen etorkizuna marrazteko. Tamaina handiko erronka daukagu aurrean. Erronka horri herri bezala eta guztion artean egin behar diogu aurre, interes komuna lehenetsita, eta herri honetan dagoen aniztasuna aintzat hartuta. Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak eta herritarren beharrak gertutik eta hobekien ezagutzen dituztenak. Horregatik diogu Europako Funtsetatik eratorritako diru-sarreren %30 udaletara bideratu behar dela eta funtsen banaketarako estrategia herri bezala egin beharra dagoela, guztion artean.

Berriro diogu, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da eta horregatik, gaurkoan berriro ere, Nafarroako gobernua, EAEko Aldundiak zein Eusko Jaurlaritza zuzenean interpelatzen ditugu: herri bezala erronka handien aurrean gaudelako. Europako Funtsen bitartez, datozen urteotako inbertsio politika nagusiak marraztuko direlako.