Albisteak

Europako funtsen erabilera adosteko aukerarik ez ematea leporatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari


Mikel Oterok ezinbestekotzat jo du Europako funtsekin finantzatuko diren proiektu estrategikoak auzolanean erabakitzea. “Boterearen ikuskera patrimonialista” edukitzea egotzi dio EAJri.

EH Bildu | 2020-12-09 16:20:00

EH Bilduren iritziz, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak gaur Legebiltzarrean Europako funtsekin finantzatu beharreko Berreskurapen eta Erresilientzia Programari buruz eman dituen azalpenak eskasak baino eskasagoak izan dira, Jaurlaritza gai hori kudeatzen ari den opakutasunaren adierazle. Horren aurrean, Mikel Oterok premiazkotzat jo du Europako funtsekin finantzatuko diren proiektu estrategikoen zerrenda eztabaidatzeko eta adosteko marko bat eratzea, zerrenda hori 20 egun barru bidali beharko diolako Jaurlaritzak Gobernu espainolari. “EH Bilduk ekarpen zehatzak egiteko prestasun osoa du, gai honetan eztabaida politiko zabala behar delako, eta proposamenak egiteko eta erabakitzeko marko argi bat izango genukeela esan diguzuen arren, guk marko hori ez dugu inon ikusten, ez dago”. Are gehiago, Urkulluren Gobernua gezurretan ari ote den ere galdetu du Oterok, lehendakariak Eudelekin batera lan egiten ari dela ziurtatu zuelako, baina Eudelen ez EH Bilduren ordezkariak, ez PSErenak ez dute ustezko elkarlan horren berririk.
Horren ildotik, Europako funtsen erabilera erabakitzerakoan bakarrik, gardentasunik gabe eta elkarlanari muzin eginez aritzea leporatu dio Oterok Jaurlaritzari. Adierazi duenez, hori “akats estrategikoa da, Europako funtsekin finantzatuko diren proiektuen hierarkia guztion artean, auzolanean, erabaki beharko genukeelako, gero Madrilen defentsa bateratua egiteko, hau ez baita legealdi honetan amaituko den kontu bat, gutxienez 2026rarte joango den kontua da eta gero hurrengo belaunaldi osoak ordaindu beharko du”. Horrek batera aritzea eskatzen du, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, baina, horren ordez, Lakuan “EAJk botereaz duen ikuskera patrimonialista” gailendu da. “Prozesu honetan gainerako alderdiok ere aktore zentralak izan behar dugu, baina zuek kanpo utzi nahi gaituzue”, leporatu dio Azpiazu sailburuari.