Albisteak

EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez hautatzea proposatu du EH Bilduk, eta Aldekoaren hautagaitza eteteko eskatu dio Jaurlaritzari


Jasone Agirrek EITB independente, neutral eta plurala aldarrikatu du eta Aldekoaren hautagaitza kontrako norabidean doala ohartarazi du. “Gobernuarekiko menpekotasuna eta partzialtasuna ekarriko du, beti EAJ eta Jaurlaritzaren interesen defentsan”.

EH Bildu | 2020-10-09 13:13:00

EH Bilduk EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez aukeratzea proposatu du gaur Legebiltzarrean, horrek edozein hedabide publikotan funtsezkoak diren “objektibotasuna, neutraltasun politikoa eta gobernuarekiko independentzia” bermatzea ahalbidetuko lukeelakoan, Jasone Agirrek azpimarratu duenez. Horri jarraituz, Andoni Aldekoaren hautagaitza, Jaurlaritzak atzo bertan iragarri zuena, bertan behera uzteko eskatu die EAJ eta PSEri, bai eta “EITB independente, neutral, plural eta profesional baten aldeko apustua” egiteko ere. Agirreren esanetan, “garaiz gaude gauzak ondo egiteko, EITB ezin da gobernuaren irrati-telebista izan. EITBk guztiona izan behar du, eta guztiok gurea dela sentitu behar dugu, baina hori ezinezkoa izango da EAJk bere organo politiko bat balitz bezala tratatzen jarraitzen badu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du “Aldekoa EAJko lehen mailako militantea dela, 16 urtez Iñaki Azkunaren konfiantzazko gizona, eta Urkulluren Komunikazio zuzendaria ere izan dela Lehendakaritzan”. Profil politiko horretako hautagai bat planteatzea “eskandalu bat da”, salatu du, komunikabide publikoak ezaugarritu behar dituzten printzipio guztiak urratzen dituelako eta “gobernuarekiko menpekotasuna eta partzialtasuna, beti EAJ eta Jaurlaritzaren interesen defentsan”, baino ez dituelako ekarriko. Zentzu horretan, “EAJk EITBn aplikatzen duen kontrol politikoa” kritikatu eta “hedabide publiko independenteen beharra” aldarrikatu du Agirrek, eta iradokizun bat egin die jeltzaleei, “gauzak are argitzearren: Andoni Ortuzar itzul dadila EITBra eta kargua EBBko presidentetzarekin uztartu dezala; azken batean, emaitza antzekoa litzateke eta argitasuna irabaziko genuke guztiok”.
Aldekoaren hautagaitzan PSEk duen ardura ere mahai gainean ipini du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta galdera zuzena egin dio Idoia Mendiari: “Edozer irensteko prest zaudete lau soldataren truke? Tristea da, oso tristea, PSEk aukeratu duen papera”.
Jasone Agirrek EITBrako eredu berria baten alde egin du. “EITBren gobernantza eredua aldatu behar da, bere zuzendaritza ezin delako irizpide eta interes politikoen arabera aukeratu; eredu horrek menpekotasunean kokatzen ditu telebista eta irrati publikoak, alderdi baten interesen menpe, zehazki”. Egungo eredu horren kontra, “EH Bilduk ahalik eta modurik demokratikoena planteatzen du EiTBko ardura postuak aukeratzeko, medioa independenteagoa, profesionalagoa, pluralagoa izan dadin”.
Hala, Andoni Aldekoaren hautagaitza erretiratu dezala eskatu dio Agirrek Jaurlaritzari, EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez aukeratzeko, “Estatuko eta Europako hainbat irrati eta telebista publikotan egiten den bezala, EITBko zuzendaritza ezin delako beste behin ere gobernuan dauden alderdien bulegoetan erabaki”. Proposamen horren arabera, “hautagaitzak aurkezteko epea zabalduko litzateke eta hautagai bakoitzak EITBrako duen proiektua aurkeztuko luke; gero, adituen batzorde batek hautagaitza guztiak aztertu eta zuzendari nagusia izateko proposamena egingo lioke Legebiltzarrari, gaitasun profesionala eta EITBrako proiektua aintzakotzat hartuta. Lehiaketa publiko hori egiteko ez da zertan araudia aldatu, borondate politikoa baino ez da behar”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, sistema hori ez litzateke behin betikoa izango. Une honetan, Maite Iturbe egungo zuzendari nagusia berehala ordezkatzeko premiak behartuta, koalizioak egiten duen trantsiziozko proposamena da. Aurrera begira, Agirre legea aldatzearen alde agertu da, EITBko gobernua hiru organok partekatu dezaten: Legebiltzarrak eta gizarte eragileek aukeratuko luketen Gizarte Kontseilua; Gobernu Batzordea, Kontseiluak aukeratua, eta zuzendari nagusia, Batzordeak hautatua.