Albisteak

EH Bilduren proposamena atzera bota eta adinekoen egoitzetan arreta hobetzeari uko egin diote EAJk eta PSEk


Pandemia dela eta hartutako neurriak ondorio suntsitzaileak izaten ari dira erresidentzietan, ohartarazi du Ander Rodriguezek. Besteak beste, plantillak handitzea, arreta zuzena areagotzea, isolamendu soziala ekiditea eta kontrol publikoa bermatzea proposatu du.

EH Bildu | 2020-10-08 12:44:00

Araban eta Gipuzkoako adineko egoitzetan greba egin duten astean bertan, EAJk eta PSEk EH Bilduren proposamena atzera bota dute gaur Legebiltzarrean eta, hala, erresidentzietako bizi eta lan baldintzak hobetzeari uko egin diote, norabide horretan edozein konpromiso hartzeari bizkarra emanda. Ander Rodriguezek tamalgarritzat jo du Gobernuko alderdien erantzuna. Izan ere, pandemia dela eta zentro horietan hartutako euste-neurriak ondorio suntsitzaileak izaten ari dira erabiltzaileentzat eta, hala ere, EAJk eta PSEk neurri zuzentzaileak hartzeari uko egiten jarraitzen dute. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du koalizioak martxoaz geroztik adinekoen egoitzetako egoera hobetzeko hainbat proposamen aurkeztu dituela eta beti EAJ eta PSEren ezezkoarekin egin duela topo. “Sei hilabete galdu ditugu jada”, egotzi die.
Gaurkoan ere berdin gertatu da. Jaurlaritza partekatzen duten alderdiek uko egin diote erresidentzietako langile kopurua igotzeari, bertan bizi direnei eskainitako arreta zuzena handitzeari, euren isolamendu soziala ekiditeko neurriak hartzeari, azpiegiturak egokitzeari, egoitzak ikuskatzeko plan berezi bat abian jartzeari edota egoitza guztietan kontrol publikoa bermatzeari.
EAJk eta PSEk neurri horiek guztiak errefusatu dituzten arren, Ander Rodriguezek ezinbestekotzat jo du plantillak handitzea zaintzaileen eta egoiliarren lan eta bizi kalitate egokia ziurtatu ahal izateko: “Nahiz eta kopuruan ados ez jarri, denok gaude ados hezkuntza eta osasun sistemetan plantillak handitzearekin. Eta adinekoen egoitza-zentroetan ez?”.
Halaber, erresidentziak ikuskatzeko plan bat eskatu du, krisialdian zehar zentro horietan zer gertatu den jakiteko eta neurri zuzentzaileak planteatzeko. Esaterako, “Osasun Sailaren abuztuko agindu baten arabera, PCR probak egin behar zaizkie baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langileei, baina aste batzuk beranduago neurri hori ez zen jada betetzen ari, eta Osasun Sailak bazekien, baina ez zuen esku hartu”.
Horren haritik ere, Jaurlaritzak egoitzetan esku hartzeko eskumena berreskuratu beharra aldarrikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta orain arte hala egin ez izana kritikatu du. “Beste erkidego batzuetan ez bezala, EAEn ez da egoitza-zentro bakar batean esku hartu, eta gauza larriak gertatu, gertatu dira. Adibidez, Bizkaiko zentro batean aste batzuen bueltan egoiliar gehienak kutsatu ziren eta ia erdiak hil ziren”.