Albisteak

EH Bilduren eta EH Bairen adierazpena Euskararen Egunean


EH Bildu | 2020-12-02 17:34:00

Euskararen Egun pandemikoa da aurtengoa. Covid-19ak eragindako osasun krisiak mundua astindu du eta hankaz gora jarri gure bizitzak. Kalteak ez zaizkio soilik osasunari lotzen, herritar askoren egoera ekonomikoa okertzeaz batera, hizkuntza eta kultura minorizatuak ere kolpatu baititu krisi honek. Zaurgarriak direnak zeinen diren zaurgarri jarri du agerian. Halaxe izan da euskararen kasuan ere.

Hamarraldi hasi berrian kaosa da nagusi munduan, krisi orokor eta askotarikoak etorkizun ziurgabea iragartzen du. Gurea bezalako nazio ukatuek kolapsoaren testuinguru historikoaren itsas harroa nabigatzen asmatuko badute nor izateari tinko eutsiko diotelako izango da. Halaxe iritsi gara, hain zuzen, euskaldunok XXI. Mendera; halaxe iritsi da euskara XXI. mende honetan hizkuntza bizia izatera, herriaren bizigurak zamalkatua,hamarraldi luzeetako mespretxu eta zapalkuntza jasan ondoren; euskaldunok atxiki, defenditu eta berpizteko dinamikak sustatu ditugulako.

Nor izan nahia bizinahia baita funtsean. Bizitzaren eta kapitalaren arteko talkan gizadiaren biziraupena jokoan dagoelarik, euskarak etorkizun bizigarri baten hazia darama bere baitan. Euskara etorkizuneko hizkuntza da, bizitzaren aldeko hautua.

Elkar zaintzara emanak garenez, lehenik eta behin, gure begirunea eta esker ona adierazi nahi diegu gure hizkuntza nazionalaren aldeko hautu kontzientea egiten duten euskaldun guztiei. Zuek ematen diozue arnasa euskarari, zuen ahalegin militanteari esker bizi da euskara.

Azken asteotan, Gaztealdiak lehenik eta Euskaraldiak segidan erdigunera ekarri dute euskara berriz ere. Ariketa garrantzitsuak izan dira aktibazio sozialaren ikuspegitik, hizkuntza-erabilera ohiturak aldatzen joateko, gure hiztun kontzientzietan eragiteko, tarte batez euskara hedabideetan eta gure bizitzetan erdigunera ekartzeko. Beste behin ere argi geratu da euskararen aldeko atxikimendu soziala handia dela eta herri gogo sendoa dagoela Euskal Herriaren luze-zabalean.

Euskalgintzak eta erakundeek urrats bat eman dezaten eskatu diete herritarrei Euskaraldiarekin, eta herritarrek erantzun egin dute. Baina ariketa honetan badago joan-etorriko interpelazio bat, herritarrek urratsak eman ditzaten eskatzen baitiete euskalgintzari eta erakundeei. EH Bildu eta EH Baiko kideok dei horri erantzuteko konpromisoa adierazten dugu, dagokiguna egiteko. Eta uste dugu dei berezia egin beharko litzaiekeela erakunde publikoei beren ezinbesteko ardura saihestu ez dezaten.

Izan ere, hasieran esan dugun bezala, pandemiak zaurgarrienak kolpatzen ditu gehien, baina injustizia egoerak ez dira naturalak birusa baden bezala. Hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiak daude oinarrian, egiten diren eta egiten ez diren politikak; kasu askotan, gauzatzen ez diren borondate onak. Azter dezagun pandemiaren kudeaketaren eragina euskalduntze eta normalizazio prozesuaren ikuspegitik -hezkuntzan, euskal kulturan, diskurtso instituzionaletan, paisaia linguistikoan, lehentasun politiko eta sozialetan eta abar– eta ikusiko dugu, oso nabarmen, euskara bigarren mailako hizkuntza dela Euskal Herrian, ia desagertzeraino zokoratu dela agertoki guztietatik pandemia garaian. Beraz, aurtengo Euskaraldia inoiz baino garrantzitsuagoa izan da, baina ageri-agerian geratu da zerbaitek huts egiten duela Euskaraldira gonbidatzen gaituzten euskal erakundeek euskara modu horretan baztertzen dutelarik. Eta hutsune hori Euskaraldiak ezin betedezake.

Horrez gain, aurrez emanak genituen urrats batzuk nola ez diren itzulezinak ere ikusi dugu. Adibidez hezkuntzan, non ingurune pertsonal eta sozial erdalduna duten milaka ikaslek, euskararekin ikastetxeetan soilik harremantzen direnek, atzerapausoak eman dituzten euskararen ikaskuntzan eta erabileran. Hezkuntzari dagokionez, transmisioa, erabilera, ofizialtasun erreala eta bestelako erronkez gain, luze gabe lortu beharreko helburua da Euskal Herriko haur orok euskaraz ikasi ahal izatea.

Pandemiak lehendik zetozen krisiak eta egiturazko arazoak jarri ditu agerian. Bai oro har, bai euskarari dagokionean ere. Alarma gorri batzuk piztuta daude. Jendartea birpentsatzeko garaia den heinean, euskararen berreskuratzea eta biziberritzea –eta horretarako estrategiak eta bide-orriak– birpentsatzeko garaia ere bada. Eta jendarte berri hori euskaraz eta euskaratik pentsatzeko erronka dugu. Horretarako, Euskaraldiak gorpuzten duen erakundeen, euskalgintzaren eta herritarren arteko lankidetza hizkuntza politika berriak diseinatu eta martxan jartzera bideratzea da faltan duguna.

EH Bildu eta EH Baiko kideok, dagokigun lekutik eta neurrian, gure konpromisoa berresten dugu ahalegin horren alde.

Krisi egoera orokor honi aurre egiteko are beharrezkoagoak baitira kohesio iturri diren herri nortasuna eta gure hizkuntzaren garapena.


Euskal Herrian, 2020ko abenduaren3an.

EH Bildu eta EH Bai