Albisteak

EH Bilduk ostalaritza eta pandemiak kaltetutako beste sektoreak erreskatatzeko funts zabalgarri bat sortzea proposatu du


Iker Casanovak zuzeneko laguntzen sistema bat planteatu du galera ekonomikoak konpentsatzeko, Jaurlaritzaren ardura baita sektorea babestea. Proposamenak oposizioko taldeen eta sektoreko elkarteen onespena jaso du, baina EAJk eta PSEk atzera bota dute.

EH Bildu | 2021-02-18 17:59:00

Jaurlaritza behartuta dago lege barruan edozein neurri hartzera pandemiari aurre egiteko eta, neurri horiek sektoreren bati kalte ekonomiko larria eragiten baldin badiote, Jaurlaritzaren erantzukizuna da kalte horiek konpentsatzeko mekanismoak ezartzea. Hausnarketa hori abiapuntu, EH Bilduk erreskate funts zabalgarri bat sortzea proposatu du “pandemiaren ondorioz langile autonomoek, soldatapekoek eta turismo, merkataritza, ostalaritza eta antzeko egoeran dauden gainerako sektoreetako enpresek pairatu dituzten galera ekonomikoak konpentsatzeko”. Iker Casanovak azaldu duenez, funts horren diseinuan eta finantziazioan Jaurlaritzak eta aldundiek parte hartuko lukete. EH Bilduk hala adostu du Elkarrekin Podemos-IUrekin eta erdibidekoak PPren babesa jaso du, bai eta ostalaritza arloko elkarte nagusiena ere. Hori, baina, ez da nahikoa izan, proposamena irekia eta malgua izan arren, EAJ eta PSE kontra agertu eta bertan behera utzi dutelako.
Casanovak pandemiaren ondorioak gehien pairatzen ari diren sektoreak babesteko Jaurlaritzak duen obligazioa azpimarratu du. “Ezin diegu esan zorte txarra izan dutela eta pandemiaren faktura ordaintzea tokatzen zaiela. Hori da gizarte bezala emango diegun erantzuna? Bakarrik utziko ditugu? Ez, erantzun kolektiboa eman behar diegu, babes sistema bat antolatuz. Gobernuak dio ez duela inor atzean utziko; ba orain da sektore horiei erantzun bat emateko unea. Ostalaritzan 7.000 lanpostu galdu dira jada eta beste 15.000 kolokan daude. Inork ez du jasaten ari direna merezi”.
EH Bilduk proposatutako erreskate planak zuzeneko eta premiazko laguntza sistema bat eratzea planteatzen du, koronabirusak eragindako jarduera murrizketen ondorioz aipatutako sektore horiek pilatzen ari diren galerak konpentsatzeko. Halaber, Urkulluren Gobernuari eskatzen zaio autonomoei eta soldatapekoei gutxieneko diru-sarrera nahikoak berma diezazkiela, lokalen alokairuen prezioak murrizteko sistema eraginkor bat ezar dezala beren jarduera mugatuta duten sektoreetan eta osagarri bat martxan jar dezala sektore horietan aldi baterako erregulazio espediente batek eragindako langileentzat, hilean 1.200 euro gutxienez jasoko direla bermatzeko.