Albisteak

EH Bilduk kalitatezko enpleguaren aldeko herri ituna eskaini du


Nerea Kortajarenak azaldu duenez, “herri honek estrategia nazionala behar du enplegua eta langileak babesteko, egungo krisia gizartea norabide jasangarriago batean kokatzeko baliatzeko”.

EH Bildu | 2020-10-16 12:57:00

Pandemiak eragindako krisiak lehendik zetozen arazoak areagotu dituela kontuan hartuta, EH Bilduk kalitatezko enpleguaren aldeko herri ituna eskaini du gaur Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiari eginiko interpelazioan. Nerea Kortajarenak estrategia nazional baten beharra aldarrikatu du “enplegua eta langileak babesteko eta krisi hau baliatzeko gure gizartea jasangarriagoa izango den norabide batean kokatzeko, kalitatezko enplegua sustatzeko eta ingurumen inpaktua murrizten duten jardun ekonomikoak selektiboki sustatzeko”.
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak kalitatezko enpleguaren aldeko herri itun bat eskaini du “krisian ere sor daitezkeen aukera-leihoak eta gure indarguneak baliatzeko, kalitatezko enplegua sustatzea helburu nagusi izango duena eta itxaropentsua izan daitekeen eta izan behar duen etorkizun baterako sortzeko balio behar duena”. Kortajarenak herri itun horren baitan kokatu ditu alderdi politikoak, sindikatuak, enpresariak, merkatarien eta autonomoen elkarteak, kooperatibak eta, oro har, ekonomia sozial eta eraldatzailearen eragileak. “Akordio zabal bat behar da, herri honetako inteligentzia kolektiboa aktibatuko duena, euskal marko batean kokatua”.
Azaldu duenez, ausardia eta anbizioa behar dira kalitatezko enplegurako trantsizioa egiteko, eta horrek hainbat kontutaz eztabaidatzea eskatuko du, hala nola enplegu arloan politika integralak egiteko eskuduntzen beharraz, lan banaketaz, kontratazio publikoaren ereduaz, enpresek jasotzen dituzten laguntza publikoez, langileen babesaz eta lan produktibo eta erreproduktiboen dikotomia desorekatuaz.
Kalitatezko enplegua helburu, Kortajarenak zehaztu du zer den kalitatezko enplegua: “bazterkeriarik gabe,  lan baldintza bidezko eta egokietan oinarritzen dena, segurtasun bitala bermatzen duena, garapen pertsonalerako aukerak eskaintzen dituena, osasunez burutu daitekeena, arriskurik gabekoa, langileen parte-hartzea sustatu eta bermatzen duena, aberastasunaren banaketa justu eta ekitatiboagoa ahalbidetzen duena, ingurumen inpaktua murriztu eta trantsizio ekologikoaren bidean kokatzen dena, oreka produktibo eta erreproduktibo berriak sustatzen dituena”.